Clown eta pailazoen uriburu izango da Arrigorriaga astegoienean

Dabi Piedra 2019-04-30 13:15   Kulturea

Publiko guztiarentzako dobako hamabi ikuskizun programau ditue.

Antolatzaileak eta euskal konpainietako ordezkariak, aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Arrigorriagako Clown eta Pailazoen XXIV. Nazinoarteko Jaialdia egingo dabe maiatzaren 3tik 5era, hau da, barikutik domekara. Beste urte batez, pailazoek, akrobaziek, malabareek, magiak eta abarrek Arrigorriagako kaleak hartuko ditue, publiko guztiarentzat aproposa izango dan programazino erakargarri eta askotarikoaren bidez. Udaletxearen plazan eta inguruan izango dira emonaldiak, eta euria egin ezkero, polikiroldegian. Kasu guztietan doban izango da.

Aurtengo edizinoan hamabi konpainia dagoz egitarauan. Amagoia Garaizabal jaialdiaren zuzendariak azaldu dauenez, hainbat jatorritako artistak konbidau ditue, tartean Argentina, Brasil eta Esloveniakoak. Hiru euskal konpainia be egongo dira: Malas Compañías, The Funes Troupe eta Ganso & Cía.

Kalidade handiko ikuskizunak dira, eta estilo asko nahastau doguz egitarauan, nabarmendu dau Asier Albizua Arrigorriagako alkateak. Amagoia Garaizabalen arabera, pailazoak eta zirkua erdi eta erdi dira aurten, gitxi gorabehera. Betiko egitureari eutsi deutsie, hau da, hiru egun, bariku arratsaldean hasi eta domeka arratsaldean amaitu.

Ganera, jarduera osogarri bi egongo dira. Batetik, umeentzako karpa magikoa ipiniko dabe herriko eskolan bariku goizean, umeek zirkuaren munduagaz esperimentau deien. Zaletasuna sortu eta harrobia lantzeko balio dau, azaldu dau Albizuak. Bestetik, Playmobil piezakaz egindako egituren erakusketea egongo da udaletxeko Euskaldun Barria aretoan, maiatzaren 2tik 17ra.

Aurrekontua pixka bat igon dabe aurreko edizinoakaz alderatuta, 65.000 eurokoa izango da aurten. Arrigorriagako Udala da antolatzaile nagusia, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz eta inguruko hainbat enpresa eta erakunderen laguntzinoagaz. Foru Aldundiko Kultura zuzendari Andoni Iturbe pozik agertu da Arrigorriagak 24 urtez antolatu dauelako jaialdi hau: herrialde orekatua da Bizkaia, programazino eta azpiegitura kulturaletan.

Ikuskizunak doban izatearen aldeko apustua nabarmendu dau Asier Albizua alkateak, jente gehiago erakarten dabelako eta, horri esker, Arrigorriagako kaleak hartu-emonerako leku bihurtzen diralako. Herrira irribarreak ekarri doguz 23 urtez, 24. honetan be holan izango dala ziur nago.

Arrigorriagako Clown eta Pailazoen XXIV. edizinoko egitaraua hemen.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu