Clara Montero izango da Tabakalerako kultura zuzendari barria
2019-04-30 09:58 KultureaAne Rodriguezen lekukoa hartuko dau.
Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroko lehenagoko arduradun kulturalak, Ane Rodriguezek, kargua itxiko ebala jakinarazo ebanetik, postu horretarako beste persona baten bila ibili dira Donostiako azpiegitura horretako bultzatzaileak. Azken orduotan publiko egin danez, Clara Montero izango da Tabakalerako kultura zuzendari barria.
Administrazino Kontseiluak berak aukeratu dau Montero kargurako, zezeilean hasitako prozesuaren bidez. Hain zuzen be, Administrazino Kontseilu horretako kidea izana da Montero bera, 2013tik 2016ra. Urte horreetan, Eusko Jaurlaritzako Kulturea Sustatzeko saileko zuzendari izan zan, Tabakalerako aginte organuan parte hartzeko betebeharra dakarren kargua hain zuzen.
Ganera, Tabakaleragaz lotura gehiago be izan ditu Monterok. 2008 eta 2011 bitartean, jardueren koordinatzailea izan zan. Hortik aparte, Bilboko Azkuna Zentroko kultura progamazinoaren arduraduna izan zan (2016-18) eta, gaur egun, ikerketa eta garapen arloko zuzendaria da Gmurzynska arte galerian.
Hortaz, programazino kulturalaren atalean esperientzia zabala dauka Clara Monterok. Aurrerantzean, beste pausu bat egingo dau bere ibilbidean, Donostiako eragile kultural esanguratsuenetako baten arduradun bihurtuta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!