Garikoitz Mendizabal txistulariak kontzertu berezia eskainiko dau Beiruten

Bizkaie! 2019-04-30 09:39   Musikea

Mendizabalek orkestra eta txisturako sortutako konposizino bat estreinauko dau.

Garikoitz Mendizabal | Ikusi handiago | Argazki originala



Garikoitz Mendizabal txistulari zestoarrak kontzertu berezia eskainiko dau Beirut urian, Libanoko Orkestra Filarmonikoagaz batera. Kontzertu horretan Naji Hakim organista eta konpositore libanoarraren lan barria estreinauko da, orkestra eta txisturako sortutako konposizino bat. Hakimek berak eta Libanoko Orkestreak Mendizabalen parte-hartzea eskatu eben barikuko estreinaldirako, alkarregaz hiru mobimentuko obertura bat eskaintzeko asmoz.

Orain dala 21 urte sortua, Libanoko Orkestra Filarmonikoak 30 emonaldi baino gehiago antolatzen ditu urtero Harout Fazlian-en zuzendaritzapean. Barikuko saioa berezia izango da, Garikoitz Mendizabal artista gonbidatua izango dalako eta berari esker posible izango dalako Naji Hakimen orkestra eta txisturako konposizino berezia lehen aldiz eskaintzea. Zuzendaria Fouad Fakhouri izango da.

Mendizabalek azaldu duenez, euskal kulturea zabaltzeko aukera bikaina izango da: Orain hiru urte ezagutu neban Naji Hakim eta berehala hartu eban txistu eta orkestrarako kontzertu bat idazteko konpromisoa. Esan eta egin! Lehenengo kontzertu honen txistu eta pianorako bersinoa estreinau neban Baionan, Ana Belen Garciagaz, pasa dan urteko garagarrilean; orain jatorrizko bersinoaren mundu mailako estreinaldia egitera goaz. Ekimen garrantzitsua da, errepertorioa handitzeaz gan, kanpoko musikari eta orkestreak geure-geurea dan txistuaren beste erregistro bat ezagutuko dabelako: orkestra baten aurrean bakarlari naturaltasun osoz. Ez ohikoak diran beste musika-tresnek bide hau egin dabe, esaterako gitarra eta eskusoinuak, eta txistuak be badau eta izango dau bere bide oparoa. Horretarako, eta gure kulturea saldu eta azaltzeko, primerako aukerea izango da.

Libanoko uriburuan estreinauko dan txistu eta orkestrarako kontzertu hau hiru mobimentuko oberturearen patroiari jarraituz egingo da (allegro–moderato–allegro). Oberturearen hasierea, lehenengo allegro-a, Adieu, fillette de Bayonne melodiaren gainetik eregi da. Erdiko mobimentuak, barriz, Lurraren pian sar nindaiteke melodia izango dau ardatz, horren gainean zenbait aldaketa eginez. Azken atala, rondo bat izango da. Forma aldetik bitxia da kontzertua: egitura aldetik italiarra, armonia aldetik oso personala eta inspirazino iturri Euskal Herria. Batez be bigarren zatiko doinua. Pablo Sorozabalen Gernika hileta doinuaren errekreazino aparta dalako, azaldu dau Mendizabalek.

Kontzertu honetan izango da beste euskal musikariren lanak entzuteko aukerea: Naji Hakimen kontzertua estreinau ostean, Xabier Zabalaren Irribarrea eskainiko da. Garikoitz Mendizabalek berak eskatutako obrea da Txistu Symphonic proiekturako.


Ibilbide luzeko txistularia

Garikoitz Mendizabal Bilboko Udal Txistularien Bandako zuzendaria da egun, eta buru-belarri konprometiduta dago musika-tresna honen garapenagaz. Gasteizko Txistularien Bandako zuzendaria be izan zan, eta hainbat aintzatespen jaso ditu. Musika talde ospetsu ugarigaz egin dau lan bakarlari moduan, besteak beste, Madrilgo Erkidegoko Orkestra Sinfonikoagaz, The Bratislava Symphony Orchestreagaz, St Petersburg State Symphony Orchestreagaz, Bartzelonako Liceuko Orkestreagaz, Euskadiko Orkestra Sinfonikoagaz, Bilboko Orkestra Sinfonikoagaz, Hego Koreako Chun Cheon Philarmonic Orchestreagaz eta Gyonbook Philarmonic Orchestreagaz eta Madrilgo Udal-Bandeagaz.

Ospe handiko folk taldeakaz bre kolaboretan dau, eta ohikoa da Korrontzi, Xabi Aburruzaga, Gozategi, Aitor Furundarena, Xabier Zabala lako musikariakaz ikustea. Horrezaz gan, Carlos Nuñez edota Kepa Junkera lako itzal handiko musikarien proiektuetan lan egin dau. 2014an, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren denporaldi ofizialean hartu eban parte, Isabel Urrutiaren 'Eresoinka' lanean kolaborau eta 2020ean, Agata lanean parte hartuz.

Era berean, diskografia azpimarragarria plazaratu dau bakarlari moduan. Kaleratu dituan 14 diskotan aukera asko eskaini ditu: ganbara-musikea, sinfonikoa, jazza, aintxinakoa, plazarakoa, etab. Nabarmentzekoa da 2012an kaleratutako ‘Txistu Symphonic’ lana; Bratislavako Orkestra Sinfonikoagaz egindako grabazinoan, txistua musika klasikoaren estatus gorenera eroatea lortuz. Diskoa Euskalduna Jauregian estreinau eben, Bilboko Orkestra Sinfonikoagaz batera.

Azken hamarkadetan mundu osoan zehar jo eta lau haizetara zabaldu dau txistuaren doinua. Hurrengo geltokia Libanoko uriburua izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu