Zuia eta Verges senidetu egingo dira maiatzean
2019-04-30 08:38 Pil-pileanUdalerri biek alkarren arteko antzekotasun handiak ditue.
Zuiako Udalak zezeilean eta Vergesekoak martian, udalbatzan onartu eben alkarregaz senidetzea, Gure Esku Zuiak egindako proposamena ontzat joaz. Hortaz, behin prestakuntza guztiak eginda, maiatzaren 9a izango da egun handia: Zuiako udaletxean udal bien arteko akordioa sinatuko dabe Unai Gutierrez Urkiza eta Ignasi Sabater Poch alkateek, eta, aurrerantzean, udalerri biak senidetuta egongo dira.
Bai Arabako Zuiarentzat, bai Kataluniako Vergesentzat, beste udal bategaz egiten daben lehenengo senidetzea izango da. Zuiako alkate Unai Gutierrezen arabera, udalerri bien arteko esperientziak eta jarduerak partekatzeko eta trukatzeko abiapuntua izango da, bai eta udalerrietako talde eta herritarren artean be, guztion onerako eta onurarako.
Senidetzearen proposamena Gure Esku Zuia erabagite eskubidearen aldeko taldearena izan da. Kataluniako herriari babesa eta alkartasuna adierazotea da helburua, Espainiako potere politiko eta judizialek hartu dituen neurrien aurrean. Herritar gehienen eretxiaren kontrako jardun hori salatuko da, beraz, senidetzearen bidez, Zuiako Udalak azaldu dauenez.
Verges udalerria aukeratzeko, eta ez Kataluniako beste bat, hainbat arrazoi dagoz. Batetik, Zuiak eta Vergesek antzekotasun handiak ditue: landa guneko udalerri txikiak dira biak, eta ondasun kultural eta sozial ugari ditue. Ganera, Lluís Llach kantautorea Vergesen jaio zan, eta Arabagaz lotura estua dauka, Gasteizko martiaren 3ko hildakoen omenezko kantua egin ebanetik.
Baix Empordà eskualdean dago Verges, kostaldetik hur baina nekazaritza eremuan. Ter ibaiaren eta Valldaviá mendizerrearen arteko lautada txiki baten dago. Gaur egun, ia 1.200 biztanle bizi dira 9,7 km koadroko eremuan. Hango tradizinorik aitagarriena Eguen Santuko prozesinoa eta Heriotzearen Jantzea da, Erdi Arotik datorren ohiturea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!