Bay of Biscay jaialdia Bermeon egingo dabe aurten

Bizkaie! 2019-04-29 11:50   Musikea

Mundakari lekukoa hartuko deutso leku barriak.

Jaialdia Mundakan | Ikusi handiago | Argazki originala

Mundaka Festival zanari izena aldatu deutsie, Bay of Biscay izango da aurrerantzean, eta aldaketea une aproposean etorri dala dirudi. Izan be, antolatzaileek kontzertuak beste leku batera eroan behar izan ditue, Mundakatik Bermeora. Aritzatxu hondartzearen ganeko espazio batera, hain zuzen.

Espainiako Gobernuaren Transizino Ekologikorako Minsterioaren Kosta zuzendaritzeak mugatu egin nahi dau Mundakako Santa Katalinako lurmuturreko jarduerea, kostaldea babesteko asmoz. Bertan egiten zan festibala orain arte. Ganera, herritar ugarik be protestea egin eben, Mundaka Festivalek ingurua kaltetzen ebalakoan.

Garagarrilaren 26tik 28ra egingo dabe jaialdiaren bosgarren edizinoa, lehenengoa Bay of Biscay izenagaz. Antolatzaileen arabera, Aritzatxu hondartzearen ganeko gune barria leku bikaina da, itsasoko ikuspegi zabal eta guzti. Ganera, aparkaleku, irisgarritasun eta akanpada zerbitzuak hobetu ahal izango dira.

Besteak beste, Rufus Wainwright, Caravan Palace, Fuel Fandango, Anita Parker, The Mani-las eta Dekot taldeek joko dabe aurtengo edizinoan. Ganera, garagarrilaren 25ean, Crystal Fighters taldeak antolatutako Wave Rave jaialdia egingo dabe. Talde britainiarra ez eze, Belako, Hinds, Niña Coyote eta Chico Tornado eta Maren egongo dira oholtzan. Wave Rave be Mundakatik Bermeora aldatu behar izan dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu