Maiatzean hasiko dira Bilboko leku berezietara egiten diran bisita gidatuak
2019-04-25 13:30 KultureaOndarea ezagutarazoteko Bilbao Izan programearen barruan dator ekimena.
Aurten be auzoei erreparauko deutse, Ezagutu Oinez izenburupean; bisitak Masustegi (maiatza), Olabeaga (bagila), Basurtu (garagarrila) eta Zorrotza (iraila) auzoetara eroango gaitue. Barrikuntza legez, hilebete bakotxeko domeka batean, 4 urtetik gorako seme-alabak dituen familiei zuzendutako bisitak eskainiko dira. Horrezaz gan, lau auzo horreekaz lotutako bitxikeriei, personaia garrantzitsuei edo jazoerei buruzko minutu bat inguruko iraupeneko 40 bideo zabalduko dituan Txio Ta Txio ekimenarekin jarraituko da.
Hasteko, maiatzaren 7tik bagilera 1era, oinezko ibilbidea eskainiko da Masustegi auzotik, Aita Donostia plazatik (Basurtu) abiatuta, auzoaren azken urteetako historia, bitxikeriak eta ondarea ezagutzeko.
Tokiko ondarea zabaltzeko bisita gidatu horreek 2005ean jarri ziran martxan, eta talde kopurua handituz joan da, izan daben harrera bikainari esker. Holan, aurten familiei zuzendutako egun bat gehituko da, auzoaren idiosinkrasia, historia eta garapena erakusteko, baina modu dinamikoagoan, olgeta eta ipuinen bitartez. Umeentzat zabalik egongo dan Ezagutu Masustegi familian izeneko lehenengo bisitea maiatzaren 19an izango da, 10:30ean eta 12:30ean, eta topalekua Masustegiko San Gabriel Goiaingeruaren eleizea izango da.
Masustegi, Bilboko azken auzoa ezizenez ezagutzen dana, jatorrian baserri gitxi batzuk zituan landa ingurunea zan, Arraiz mendiaren hegaletan. 50eko eta 60ko hamarkadetan Bilbon izandako industrializazinoaren ondoren, gune haren irudi ikusgarria, ezaugarri bereziko eraikinek bete eben. Holan sortu zan Masustegiko auzo autoeregia. Txoko bakotxean, hainbat lekutatik etorri eta euren beharragaz eta aurrera egiteko borondateagaz, Bilbon leku bat topau eben langileen historiak topauko doguz.
Biztanleen arteko lankidetzea, alkartasuna eta adorea eredu, gaur egun asfalteta dagozan kaleetatik ibilteak auzoak jasotako aldaketak hurretik ezagutzeko aukerea emongo deusku; burrukak, baina batez be lorpenak izango dira ardatz: Arraiz mendiaren tontorretik Masustegi jagoten dauen gotorleku zaharra, teilatuen eta gaueko lanaren garrantzia; masusta, astoez eta garbitokiez. Eta bertako biztanleen perseberantziari eta lanari esker auzo bat eregi zan moduari buruz egingo dogu berba.
Bisitak euskeraz eta gaztelaniaz izango dira, martitzenetan eta eguaztenetan 10:00etan, 16:00retan eta 18:00retan; eguenetan eta barikuetan 10:00etan eta 17:00etan (bariku arratsaldeetan euskeraz) eta zapatuetan 10:00etan eta 12:00etan, datorren bagilaren 1era arte. Bisitea euskeraz egin nahi izan ezkero, eguna eta ordua adostu ahal izango dabe taldeek. Topalekua Aita Donostia plazea (Basurtu) izango da, eta ordubete eta erdi inguruko iraupena izango dau. Plazak mugatuak direnez (gehienez be, 30 persona talde bakotxeko), beharrezkoa izango da aurretik erreserbea egitea.
Familiari zuzendutako bisiteari jagokonez, elebiduna izango da, maiatzaren 19an, 10:30ean eta 12:30ean, eta topalekua Masustegiko San Gabriel Goiaingeruaren eleizearen kanpoaldea izango da, eta beharrezkoa izango da aurretik izena emotea. Kasu bietan beharrezkoa izango da plazea erreserbetea 94 401 00 10 / 010 telefono zenbakira deituz, apirilaren 29tik aurrera (astelehenetik domekara 08:00etatik 20:00etara).
Programea orain hamalau urte sortu eben Bilboko biztanleei eta interesa daben guztiei, uriaren historia, ondarea, eta gaur egun uria osotzen daben guneek denporan zehar izan daben bilakaerea eta eraikuntzea ezagutarazoteko. Asmo horregaz zenbait ekimen gauzatu dira, besteak beste, auzoetara egindako bisita gidatuak Bilbo, hil bakotxean auzo bat, Botxoko mendi-mazelak deskubriduten eta Hamabi begirada Bilbori programen bitartez. Auzoetara egindako bisita gidatuen programeari jarraipena emonez, Kultura eta Hezkuntza Sailak beste pausu bat emon eban, atentzinoa, ondarearen ikuspegitik bereziak diran uriko eraikinetan jarriz.
Bisitak egiten diran lekuakaz lotutako bitxikeriei, personaia garrantzitsuei edo jazoerei buruzko minutu bat inguruko bideo laburrak zabaltzeko Txio Ta Txio ekimena igaz jarri eben martxan. Bilbao Izan edo Bilbao Kultura sare sozialen bitartez zabaltzen dira, eta 2018an 293.000 erreprodukzino baino gehiago izan zituen.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!