Bilbo da Europako Kontseiluaren bideo bateko protagonista
2019-04-24 11:57 KultureaKulturartekotasunaren alde egindako lana dago oinarrian.
Bilboko Udalak, uriko erakunde sozial eta alkarte, unibersidade zein profesionalakaz batera, Bilbo aniztasunean bizi dan alkarbizitzako eta gizarte kohesinoko uria izateko gaur egun abian dagoan kulturarteko esku-hartzea laburbatu dau, Kulturarteko Urien Programearen barruan.
Bilbon oraintsu egin da Europako Batzordearen Rumourless Cities edo Zurrumurrurik bakoko Urien proiektuaren topaketea, Europako Kontseiluaren Kulturarteko Urien Programearen barruan baitago 2011tik. Kontuak kontu, Europako Kontseiluak Kulturarteko Urien Programako StoryCities proiektuaren barruan egindako bideo bateko protagonista da Bilbo.
Europako zenbait uritako kulturarteko ekimenak eta proiektuak abian jarteko lanean dabizen personen istorioak batzen ditu StoryCities proiektuak, aniztasuna gizarte osorako abantaila izan daiten laguntzen daben persona eta alkarteen garrantzia azpimarratzeko eta ikusarazoteko.
Ekimena abian jarteko, Europako Kontseiluak aukeraketa bat egin eban Kulturarteko Urien Programea osotzen dauen sarearen barruan; hain zuzen be, Europako 135 uri dagoz, besteak beste, Bilbo, Geneva (Suitza), Erlangen (Alemania), Stavanger (Norvegia), Cascais (Portugal) eta Reggio Emilia (Italia).
Kulturarteko Urien Programearen helburua da kulturarteko kudeaketa eredua tokiko eremuan sustatzea, kulturarteko programak dituen Europako urien artean ezagutzak eta esperientziak konpartiduteko; horretarako, tresna zehatzak erabilten dira, esaterako Kulturarteko urira, pausuz pausu edo Kulturarteko Urien Aurkibidea.
Bazterkeriari eta diskurso arrazistei aurre egitea
Oraintsu, Bilbo Rumourless Cities edo Zurrumurrurik bako Urien proiektuko topaketa bat egiteko aukeratu dabe, Europako Batzordeak URBACT III programearen barruan finantziauta. Topaketearen helburua da Europa osoan erronka barriei aurre egitea bazterkeriari eta jarrera arrazistei aurre egiteko, eta tratu eta aukera bardintasunaren printzipioa gauzatzea.
Rumorless Cities sare bat da, Amadora uria buru dala (Amadora, Portugal), eta Bilbo ez eze, Cardiff (Gales), Hanburgo-Altona (Alemania), Varsovia (Polonia), Alba Iulia (Errumania), Ioánina (Grezia) be sare horretan dagoz), helburutzat dauena, hain zuzen, jakitea zelan abiarazoten diran zurrumurruen kontrako tokiko estrategiak eta aurre egitea migratzaileen eta igeslarien kontrako jarrera negatiboei.
Bilboko Udala 2013tik dabil zurrumurruen kontrako proiektua atzerritarren inguruko estereotipo negatiboei aurre egiteko, zenbait baliogaz lan egingo daben personen eta erakundeen sarea sortzeko eta sendotzeko: kulturartekotasuna, gizartearen kohesinoa eta bazterkeriaren kontrako burrukea. Gaur egun, zurrumurruen kontrako estrategia garatzeko lanean 200 eragile dabiz, uriko lau barrutitan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!