Basque Festek Bilbo 'aktibau' dauela dino Udalak
2019-04-23 13:45 KultureaAste Santuko jardueretan 100.000 lagunek hartu dabe parte.
Aste Santuko opor egunetako giroa biztu eta bertoko kulturea kalera ateratzeko asmoz antolatu dau Bilboko Udalak Basque Fest egunotan. Jentearen erantzuna ikusita, pozik agertu dira ekimenaren arduradunak, helburuak bete diralako. Uriko hogei espaziotan 300 jarduera inguru egon dira, eta 100.000 lagunek hartu dabe parte.
Bilboko Udalak gogoratu dauenez, Basque Festen egondako jenteari gehitu behar jakoz uriko museoak eta prozesinoak ikusten egon diranak. Hortaz, Aste Santu arrakastatsua izan dala dinoe. Udalaren arabera, uriko txokoak aktibau ditu Basque Festek, eta horri esker, gero eta leku erakargarriagoa bihurtzen dabil Bilbo.
Jarduerak banan-bana aztertuta, ezin da ahaztu Arenaleko gunea, hori izan dalako Basque Festen erdigunea. Txoko Gourmet erakusleku gastronomikotik 46.000 bisitari inguru pasau dira, Euskal Herriko hamabi eskualdetako produktuak dastatu eta ezagutzen. Herri Kirolen erakustaldietan, ostera, 54.000 bat ikusle egon dira.
Azkuna Zentroa, bestetik, musikearen txokoa izan da. Kalakan, Oreka TX, Niko Etxart eta abarren kontzertuetan milaka lagun egon dira. Kafe Antzokian, Erriberan eta Bilborocken be kontzertu arrakastatsuak egon dira.
Kalerik kale be ikuskizun ugari egon dira egunotan. Bilboko Anfitrioia bisitaldi antzeztuak aurreko urteetako arrakastea izan dau, baina lehenengo egunean bertan behera itxi eben euriagaitik. Arriaga plazako Negua ikuskizunak be ikusmina eragin dau.
Ikus-entzunezkoetan, BBK Salak Koldo Serraren Gernika filmaren proiekzinoa hartu dau, eta David Herranzen Gernika, kamera atzean argazki erakusketeak osotu dau eskaintzea. Euskal Museoan musika tresna tradizionalen inguruan antolatutako erakusketara 6.000 persona baino gehiago joan dira.
Basque Festen egindako ahaleginaren atzean sektore turistikoari bultzadea emoteko asmoa dago. Horretan eragin positiboa izan dauela emoten dau, Bilboko Udalak emondako datuen arabera: Uriko Turismo Bulegoetara 9.117 lagun sartu dira Aste Santuan, igazko epe berean baino % 7 gehiago. Frantzia (% 26), Katalunia eta Madrildik (biek % 21na) etorri dira bisitari gehienak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!