Europa izango da BOSen denporaldi barriaren ardatza
2019-04-16 12:08 MusikeaJoaquín Achucarrok zabalduko dau sasoia.
Aurtengo denporaldia amaitu barik, eta hurrengoa aurkeztu dau BOSek, Bilboko Orkestra Sinfonikoak. Erik Nielsen izango da zuzendari titularra, eta Europa kontzeptuaren inguruan batuko dira 2019-20ko emonaldiak. Europa amesa da batzuentzat, idea gaitzesgarria beste batzuentzat, inor ez dau epel ixten. Musikearen aldetik kontinente oparoa dala erakutsiko dau BOSek.
Pianista handiak batuko ditu 2019-20 denporaldiak, lehenengo kontzertutik bertatik hasita. Urriko lehenengo astean, sasoiari ekiteko, Joaquín Achucarro pianista bilbotar ezaguna konbidauko dau BOSek. Ondoren, etxetik kanpo ibiliko dira musikariak, Gaztelan eta Nafarroan emonaldiak hitzartuta ditue eta.
Denporaldiko puntu gorenetako bat Amancio Pradaren Kantu espirituala izango da, koru eta orkestrarako egokitua. Bestetik, BOSi lagunduko deutsien musikarien artean, Christian Zacharias, Javier Perianes, Arthur eta Lucas Jussen... aitatu leitekez. Europako konpositorerik ospetsuenen piezak aukeratu ditu BOSek hurrengo sasoirako: Ludwig von Beethoven, Giusseppe Verdi eta Richard Wagner, besteak beste.
Emonaldi bereziei jagokenez, ez da faltauko Gabonetako Kontzertua, eta zinemako musikeari eskainitako tarteari eutsiko deutsie. 2019-20 denporaldirako Singin' in the Rain filma aukeratu dabe; proiekzinoagaz batera, BOSek zuzenean joko dau soinu-bandea.
Denporaldi osorako abonuak bagilaren 24an ipiniko ditue salgai. Irailaren 9tik aurrera, abonu laburrak erosi ahal izango dira, eta irailaren 16tik, sarrera solteak. Argibide gehiago, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!