EuskarAbenturak baditu parte-hartzaileak

Bizkaie! 2019-04-15 11:48   Kulturea

121 neska-mutil aukeratu ditue espedizinorako.

Igazko edizinoko gazteak Euskal Herriko basoetan (argazkia: EuskarAbentura) | Ikusi handiago | Argazki originala

Igazko esperientzia bikainaren ostean, aurtengo udan barriro antolatu dabe EuskarAbentura, euskerea erabiltea eta Euskal Herriko parajeak ezagutzea buztartzen dituan ibilaldia. 16 eta 17 urteko gazteei parte hartzeko deia egin eutsien orain dala aste batzuk, eta, behin epea amaituta, aukeratuen barri emon dabe.

263 neska-mutilek emon dabe izena. Hautagaiei motibazino gutun bana bialtzeko eskatu deutsie, eta horreen originaltasunaren, estiloaren, teknikearen eta kalidadearen arabera aukeratu ditue 121 parte-hartzaileak. Eusko Ikaskuntzako eta Puntu Eus Fundazinoko kideak arduratu dira ebaluazinoaz.

Bestelako erespide batzuk be erabili ditue, lurraldetasunaren, soziolinguistikearen eta generoaren aldetik moltso orekatua izan daiten. Esate baterako, Euskal Herriko zazpi herrialdeetako ordezkariak bilatu ditue, bakotxaren pisu demografikoaren arabera. Diasporako euskaldunei be lekua egin deutsie.

Behin hori guztia kontuan hartuta, 2002 edo 2003 urteetan jaiotako 121 gazte prest dagoz EuskarAbenturari ekiteko. Parte-hartzaileen % 65 neskak dira, eta % 35, mutilak. Lurraldetasunari lotutako erespide batzuk ezin izan ditue zorroztasunez bete, herrialde batzuetako hautagai gitxi egon diralako. Diasporakoei gordetako lekua Suediako gazte bati emon deutsie. Bizkaia da ordezkari gehien izango dituan herrialdea, 45.

Garagarrilaren 1etik 31ra arte, 121 gazteok eta begiraleek Euskal Herria zeharkatuko dabe alderik alde, leku bakotxeko berezitasunak, monumentuak, historia eta abar ezagutzeko eta alkarren arteko hartu-emonak estutzeko, euskerea oinarri dala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu