Esaera Zaharren XXVI. Txapelketea Sopelan, maiatzaren 4an

Bizkaie! 2019-04-15 08:10   Kulturea

Izena emoteko azken eguna apirilaren 29a izango da.

Txapelketea taldeka egiten da (2, 3 edo 4 kide, 16 urtetik gorakoak).

Izena emoteko azken eguna apirilaren 29a izango da eta ondokoak, barriz, emon beharreko datuak: taldearen izena eta kideren baten telefono-zenbakia edo helbide elektronikoa. Izena emoteko edo informazino gehiago jasoteko, deitu telefonoz (695 73 61 52 / 695 77 40 15), edo biadu mezua posta elektronikoz (esaera.zaharrak@aek.eus).

Taldeek 10 € ordaindu beharko dabe izena emotean. Bazkarirako, 18 € personako (BEZa barne). Mesedez, dirua aurretik sartu kontu honetan: ES02 3035 0196 73 1961090811 (Laboral Kutxa) taldearen/kide baten izenagaz (adibidez: 4 persona x 18 € + 10 € = 86 €).

Txapelketan, izenaz gan, taldeek zenbaki bana izango dabe: 1. taldea, 2.a, etab. Parte-hartzaileek 100 esaera zahar ditue ikasteko, horreetako bat, haatik, ez da benetakoa. Esaera barria identifiketan dauenak sariren bat izango dau; edozelan be, esaera hori besteak bezela erabiliko da txapelketan.

Txapelketeak saio bi ditu: eguerdian Kanporaketak, eta arratsaldean Finalak; bietan, bertsoei jagokezan esaerak asmetea da gakoa. Horretarako, hainbana bertso entzungo ditue taldeek, ordena jakin batean. Bertsoa behin edo birritan kantauko da (jagokon taldeak holan eskatuta), eta orduan minutu bat emongo
da erantzuteko, bozeroaileen bidez. Erantzun bakarra onartuko da taldeko.

Ez dago esaerak edozein modutara esaterik: epaileak ontzat emoteko, esaera bakotxa zerrenda ofizialean agertzen dan era berean (nerbaz berba) adierazo behar da. Logikoa danez, txapelketan zehar ezin da zerrenda eskuan edo bestelako edozein euskarritan izan.

Taldeak, bere txandan, asmautako esaera bakotxeko puntu 2 eskuratuko ditu eta esaerea asmau ezean, ganerako taldeek erreboterako aukerea izango dabe, baina bertsoa ez da barriro kantauko. Erreboterako ordena aurretik zozketatuko da, eta asmau ezkero, puntu 1 emongo da.

Edozein duda sortzen bada, epaile ahalguztidunak erabagiko dau.

Goizean, ibilbidetan banatzen dira taldeak. Bakotxean puntu gehien batzen dauen taldea joango da finalera; arratsaldean puntu gehien lortzen dauena izango da irabazlea.

Kanporaketetan zein finalean bardinketea balego, bertso bana (edo behar diranak) kantauko dira, harik eta bardinketa apurtu arte.

Antolakuntzak eskubidea dau honako oinarriak aldatzeko, beharrezko eretxi ezkero.

Finala gidatzeko, Epaimahaia eratuko da; Antolakuntza-taldeak erabagiko dau nork (eta zenbatek) osotuko daben.

Txapelketan parte hartzeak ezinbestean dakar oinarriok onartzea. Halan da be, beti egongo da kexatzeko eskubidea, ahoz edo idatziz. Edozelan be, ez dago kontra egiterik.


Lehiaketako Esaera Zaharrak hemen (.pdf 102 KB)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu