Gijon, Santander eta Bilbok 15 kultur eragileren ekimenak babestuko ditue

Bizkaie! 2019-04-12 08:15   Kulturea

Hiru urietako profesionalen arteko loturak eta baterako ekimenak bultzatzea da asmoa.

Eduardo Chillidaren eskulturea (Gijon) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bertatik bertara 2019 kultur laguntzen programea Gijon, Santander eta Bilboko udalek bultzatzen dabe, hiru urietako profesionalen arteko loturak eta baterako ekimenak bultzatzeko. Aurten sei proiektu barri bultzatuko ditue, kulturearen eta sorkuntzearen alorretako hamabost eragilek diseinautakoak.

Danetara, 60.000 euro bideratuko dira (10.000 euro ekimen bakotxeko). Uri bakotxak 20.000 euro jarriko ditu. Helburua, arte eszenikoei, musikeari, jantzeari, ikus-entzunezkoei, eta familiako kultur aisiari lotutako proposamenak garatzea. Proposamen horreek hiru uriotako gitxienez bitan egingo dira, hogei espaziotan.

Aurreko edizinoan legez, 14 proiektu aurkeztu dira eta sei aukeratu ditu epaimahaiak. Laguntzak emoteko kontuan izan dira proposamenen kalidadea, interesa, bideragarritasuna eta barrikuntzea, hiru urietatik gitxienez bitako profesionalen artean lan-sareak sortzea, ekimena bi edo hiru udalerritan egitea, jarduerak zenbat personarengana helduko diran, eta hori lortzeko finantziazino osogarria emotea.

Ondokoak izan dira epaimahaia osotu dabenak: Iñaki López de Aguileta (Bilboko Udaleko Kulturako zuzendaria), Justo Ezenarro (Bilboko Udaleko Kultur Programazinoko zuzendariordea), Raquel Huergo Rodríguez (Gijoneko Udaleko Kultura, Hezkuntza eta Herri Unibersidadeko Fundazinoko zuzendaria) eta Marcos Díez (Santander Creativa Fundazinoko zuzendaria).

Ondokoak dira aukeratutako proiektuak: La II Reunión en Danza (RED); Camino Expandido; Live Music Zinema; ALAs; (Mi) ciudad, (Mi) futuro eta Picovuela.

Epaimahaiak Nortocircuito 2.0 ekimena proponidu dau ordezko proiektu legez, Asturiaseko Les Naves kolektiboak eta Santanderreko Centro Cultural Europeo Eureka zentroak aurkeztuta, aukeratutako proiektuetakoren bat ezin balitz gauzatu (uko egiteagaitik edo beste edozein arrazoirengaitik).


Bertatik bertara 2019

- La Reunión en DANZA (RED): II. edizioa. Proiektu honek aurreko edizinoaren espirituari eutsiko deutso: hiru urietako koreografoak, sektoreko alkarteak, gestoreak, espazio eszenikoak eta publikoak alkarregaz hartu-emonetan jartea, lan-saioen eta emonaldien bidez. Ganera, jarduera barriak egingo dira, dagoeneko egindako lanean oinarrituta, sare eta kolaborazino barriak sortzeko, eta dagozanak sendotzeko. Beraz, inpaktu handiagoa izatea da asmoa. Jarduerak urte amaieran egingo dira LABoral Centro de Arte y Creación Industrial, Café de las Artes eta La Fundición Bilbao.

- Camino Expandido. Escena Norte Idea: Topaketen programa hau gaiaren arabera egituratzen da hiru urietan. Ekimen hau, aldi berean, beste batean kokatzen da, Camino Escena Norte izenekoa, hau da, kultur trukeko ibilbide barri bat, iparraldeko bide historikoan doana (Euskadi, Kantabria, Asturias eta Galizia) eta programazino eszeniko zabala dakarrena. Testuinguru honetan, topaketa profesionalak egingo dira sektoreko profesionalakaz eta hiru urietako publikoagaz, irailean eta urrian. Bilboko jardunaldian arte eszenikoak landuko dira, herritarrentzako hezkuntzearen eremuko programak garatzeko, gizarte-bazterketa arriskuan dagozan kolektiboakaz bitartekaritza lanak egiteko, eta kultur artekotasunean eta belaunaldi artekotasunean oinarritutako lana egiteko. Santanderren, landa-inguruan garatutako zenbait kultur proiekturen bidez, gogoetea egingo dau periferiaren kontzeptuaz, landa eta uri inguruneen arteko mugaz kultur sorkuntzearen alorrean, eta kulturea eskuratzeko aukerez. Gijonen, lana ikuspegi ekonomiko eta turistikotik egingo da: zelan sustatu daitekezan lurraldeak jaialdien bidez eta arte eszenikoen eremuko beste ekintza batzuen bidez, eta aldi berean kalidade handiko turismoa sortu.

- Live Music Zinema: Ekimen honetan, film luze eta laburren proiekzino batzuk egingo dira. Soinu-bandea zuzenean joko dabe Gijoneko eta Bilboko zenbait musikarik, zemendian. Musikautako proiekzino horreek prestakuntza izakerako topaketa bategaz biribilduko dira, bideoklip baten inguruan, euskal eta asturiar artisten lanen proiekzinoagaz, antolatzaileen apustuari eta ibilbideari esker programautakoak. Saioak amaitzeko, musika elektronikoko saio bat egingo da, euskal eta asturiar sortzaileen eskutik.

- ALAs: Proiektu hau hiru urietako goi-hezkuntzako ikastetxeetan egingo da. Ikuspegi barritzaileagaz, arte eszenikoa modu integratzailean hurreratzea dau helburu, musikea eta erritmoa, jantzak, testua eta interpretazinoa osotasun organiko eta harmonikoan bateratuz, ikasleak eta irakasleak erdigunera ekarriz. Batxilergo artistikoko hiru ikastetxek parte hartuko dabe: Ibarrekolandakoak (Bilbo); Leonardo Torres Quevedo institutuak (Santander) eta Universidad Laboral BHI (Gijon). Jarduerak seguruenik urrian egingo dira.

- (Mi) ciudad, (Mi) futuro: Proiektu sortzailea, diziplina askotakoa eta testigantzea izateko nahia dauena. Protagonistak Gijon eta Santanderreko 16 eta 19 urte arteko gazteak dira. Lan honetan, testigantzen, ekintzen eta dokumentuen artxibo bat sortuko da, hainbat formatuko dispositibo dramatikoak eta ikus-entzunezkoak sortzeko, modu poetikoan eta bizipenen bidez islatzen dituenak nerabeen bizitzea, amesak, desirak edo beharrak, nortasuna eta bizi diran uriagaz dituenhartu-emonak. Parte-hartzaileakaz jarduteko erabiliko diran sorkuntzako kanalak ekintza dramatiko eta performatiboa eta ikus-entzunezko sorkuntzea izango dira. Lehen topaketak bagilean egingo dira.

- Picovuela. Proposamen honen antolatzaileek nahi dabe parte-hartzaile guztiek apur bat gorago egin deiela txio eta hegan, eta espazio barrietan adierazoteko eta sortzeko modu barriak topetako aukerea izan deiela. Hori ahalbideratzeko, euren urietako sorkuntzea eta kultur eremuan mobiduten diran eragile bereziak bilatu ditue, eragile inplikatuak, euren ibilbide profesionalean familiakaz lan egitea zer dan ikasi dabenak. Eragileok familian kultur aisiako proposamen barri bati aurre egiteko erronkea pozik onartzen dabe. Horretarako, beste sorkuntza-eragile bategaz lan egingo dabe, itxuraz alkarlan gatxa izan arren. Horregaitik, diziplina arteko jarduerak egingo ditue familiako aisiarako, zenbait sorkuntza alorretako kultur eragileen artean, txoria izanik adierazpen libre eta anitzaren gidari. Erakusketa bat be egingo da. Ekimena bagilean abiatuko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu