Durangoko VII. Topaklown aurkeztu dabe gaur
2019-04-12 08:06 KultureaApirilaren 17tik 21era, saio zein ikastaroetarako sarrerak salgai dagoz.
Urteroko jardunari eutsiz, klown formazinorako bederatzi ikastaro eskainiko ditue aurten, horreetako bat Marcelo Katz argentinarrak; Katz, erreferentea da klown munduan, izan be, 300 ikasleko eskolea dauka Buenos Airesen. Klown garaikidearen formazino integrala erakusten da topaketa honeetan baina ez hori bakarrik. Klown teknikez gan, bestelakoak be izaten dira ardatz, eta hori da jenteak errepetiduteko gakoetako bat azaldu dau Gorka Ganso Topaklowneko zuzendari artistikoak.
Espainian eredu da Topaklown: Ikastaroetarako izena emoten daben % 80 ordu laurenean bete zan esa dau Arantza Arrazola San Agustineko Kulturguneko koordinatzaileak. Danetara, 190 lagunek parte hartuko dabe ikastaroetan, 155ek ikasle legez, eta ganerakoak entzule izango dira. Euskal Herriko ikasleez gan, Portugal, Espainia edota Austriako lagunak be hurreratuko dira Durangora; Topaketen formatua egokia da, jentea ezagutu eta ideak konpartiduteko perfektua da.
Ikuskizunei jagokenez, Y me mori kabaret mexikarragaz hasiko da Topaklown, apirilaren 17an. Liquido Teatro & Duo Facil konpainiaren ikuskizuna Euskal Herrian ikusteko lehenengo aukerea izango da. 2019ko edizino honetako beste nobedadeetako bat Klown Kombat izango da; musikan, jam sesinoetan egiten dan antzera, inprobisau egingo dabe klownek eta publikoa izango da epailea: Zorakeria da, baina holakoak gara gu esan dau Gorka Gansok.
Bederatzi ikastaroetan ondoko irakasleak ibiliko dira: Fanny Girud eta Élise Ouvrier-buffet (Frantzia), Marcelo Katz (Argentina), Cesar Saratxu, Alfonso Medina, Oihulari klown eta Patricia Urrutia (Euskadi), Inda Pereda (Katalunia) eta Nines Carrascal (Andaluzia).
Horrezaz gan, San Agustin Kulturgunean Txelu Angoitiaren argazki erakusketea egingo dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!