Hamabi taldek jokatuko dabe I. BBK Soinu Barriak Lehiaketea
2019-04-11 12:50 MusikeaProposamenen % 40tan emakumezkoak dagoz (hamabi hautatuetako zazpitan dagoz emakumezkoak).
BBK-k hautatu ditu BBK Salak atondutako lehen talde-lehiaketan, BBK Soinu Barriak deiturikoan, izango diran 12 taldeak. Apirilaren 11n eta 25ean, eta maiatzaren 9an eta 30ean joko dabe.
Aurkeztutako 94 proposamenetatik, hautaturiko taldeak honako honeek dira: Pinpilinpussies (Rock), Las Selvas (Rock), Airu (Pop), The Owl Project (Pop), Los Chivatos de Ana Frank (Punk), Nekane (Pop-R&B), Sua (Rock), Perky Pat (Post Punk), Marban (Indie Pop), Bilbao Tropical (Rap), Dekot (Rock) eta Omago (Folk Pop).
Kontuan izanik diskografia-kontraturik indarrean ez daben artista edo talde bizkaitarretara mugatuta dagoala, BBK-k balorazino ona egin dau lehiaketan izandako parte-hartzea, baita bertan agertutako musika-generoen aniztasuna be (Rock, Pop, Soul, R&B, Hip Hop, Trap, Elektronikoa, Surf, Garaje, Folk, Metal...). Ganera, nabarmentzekoa da proposamenen % 40tan gitxi gorabehera emakumezkoak egozala (hamabi hautatuetako zazpitan dagoz emakumezkoak).
Hautaturiko 12 taldeak BBK Salan izango dira apirilaren 11n eta 25ean eta maiatzaren 9an eta 30ean; egun bakotxean 3 taldek/artistak joko dabe eta finala bagilaren 20an izango da hiru artista edo talderik onenakaz. Lehiaketa-egun guztietan, 20:00 eta 23:00 artean izango dira emonaldiak. Kontzertuak streaming bidez emongo dira BBKren Youtubeko kanalean.
Taldeentzako lehiaketa honegaz, BBK-k aukerea emon gura deutse musikearen munduan lehen urratsak egiten dabizen gazteei, eta horretarako, musika-azpiegitura nagusia, BBK Salea, bertoko artista eta taldeen zerbitzura jarriko dau. Euren sustapen-estrategian erabili deien aretoan emongo daben kontzertu osoaren ikus-entzunezko materiala, kalidade-estandar handikoa, jasoko dabe talde guztiek, eta irabazleak sari hirukotxa izango dau: Bizkaia BIME Live International Music Experience-n joko dau; 4 gaiko EP bat grabauko jako El Tigre estudioetan, Deustun; eta bideoklipa StereoZona kanalaren kontura. Bigarren sailkatuak 4 gaiko EP bat grabetako aukerea izango dau Deustuko El Tigre estudioetan.
Taldeak adituen epaimahai batek ebaluauko ditu, eta bakarlari edo talde irabazlea bere originaltasun, nortasun, ahalmen, talentu eta karismearen arabera hautatu beharko dabe. Epaimahaian honako honeek izango dira: Elias Monreal (Last Tour/ Meyo Records/ Encarta Club), Oihane Aldayturriaga (BBK-ko Kultura Arloaren arduraduna), Deu Txakartegi (Lehiaketearen zuzendaria eta WAS taldekoa), Julen Alberdi (Vulk) eta Iker Barbara (Zarata-Mondosonoro).
Bizkaiko kultura-agendan, kalidadezko ikuskizun egonkorrak finkatzea lortu dau BBK Salak, adibidez, musikako mitoei, flamenkoari edo jazzari eskainitako zikloak. Horren haritik, 2019 urtearen hasieran musika-proposamen barriak programau dira, berbarako, Emakumeok (emakumezko artista ospetsuak) eta BBK Soinu Barriak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!