Amaiera bako hondartzea

Zigor Aldama 2019-04-11 10:24   Bidaide

Marrazoak badagoz egon baina txiki-txikiak dira eta ez dabe haginka egiten.

Cox’s Bazar, Bangladesheko udalerrian upealako sekretua dago, munduko hondartzarik luzeena, hain zuzen be. Errekorrak burukomin handia izaten dira eta herritarrek dinoenez, 120 kilometroko hondartzearen parekorik ez dagoala munduan. Edozelan be, turistarik ez badago be, Bangladesheko leku bisitatuena da, sano nabarmen.

Pakistan ekialdeko beste edozein legez, kaotikoa eta zaratatsua da uria baina hotelez ganezka dago, hodartza ondoan, asfalto bako lekuetan egon arren. Jaiegunetan erreserbak egiteko salneurriak neurri bakoak izan arren, beti dagoz beteta. Hori bai, ez doa hara bainujantzia jarrita inor eta Bengala Badiako uretan sartu be ez da inor egiten. Agintariek ez dabe asko laguntzen, izan be, hondartzara heldu aurreko biribilgunean, ahoa odolez betetako marrazoen eskulturak dagoz erdian. Jakina, txikitxuenak ikaraz pasetan dira albotik eta uretan sartzeko esaten jakenean, kontrako norabidean joaten dira lau-hankan.

Badaezpada, gurasoei be ura ez jake asko gustetan eta, akaso, egunaren amaieran sano gorritutako eguzkiari 'eutsiz' selfi bat egiteko sartzen dira orkatilera arteko uretan. Autoerretratuak egitea obsesinoa da munduan baina Asia hegoaldean patologikoa da. Bien bitartean, uretako motorren jaubeak turisten zain dagoz eta hanka-sartze galanta eginez, marrazoak egon badagozala onartzen dabe turisten aurrean, badagoz egon baina txiki-txikiak dira eta ez dabe haginka egiten dino gazteenak.

Horrezaz gan, Bangladeseko kalekumeei ez jake itsasoa gustetan. Islamaren arauei eutsiz, hurreratu bai baina ardura eta kontu handiz. Zur eta lur geratzen zara niqab erropea jantzita, gizon zein emakumeek zelan egiten daben sartu-urtena itsasora, olatu txikiak ikusita oso azkar urtetako. Ikarea kentzeko alkohola ezkutuan eta aparteko fakturea erabilita saltzen daben txiringitoetan, betel apur bat mamurtutea zein samosea jatea lakorik ez dago.

Kontuak kontu, sorosleak eurak be gogaituta, lo geratzen dira sarri jente gehien pilatzen dan guneetako torreetan. Selfi makilak marrazoak baino arriskutsuagoak dira eta negozio handiagoa egiten dabe hondartzan bueltaka dabizen argazkilariek: profesional batek egindako irudia selfiagaz norberak egindakoa baino hobea izaten da eta inprimidu be egiten deutsue; prezioa 200 taka ingurukoa da (euro bi).

Kameren teleobjetiboen aurrean, oporretan dagozan familiak, ikarea eragiten deutsen poniagaz ikaratu eta negar edo barre egin ez dakien umeak, eskutik oratutako bikoteak, influencer ikasleak zein bestelakoak egoten dira erretratu egokiena egiteko esperantzeagaz. Horreek guztiek maila ertainaren bildumea osotzen dabe eta eurentzat hondartzatik gero eta urrunago, Cox Bazarreko agintariek resort eta hotelak eregiten jarraitzen dabe.

Hareatzako jente pilaketak, merkealdiko lehenengo egunean dendatakoen parekoak izaten dira; askok errepidetzat erabilten dabe hondartzea, izan be, aspaldi eregiteko dagoana ez da sekula santan amaitzen. Deskuidoan edo halabeharrean, dortokak ikusi geinkez baina bertako arrantzaleen egunerokoa be interesgarria da, iluntzean ontzi tradizionalakaz lurreratzen diranean.

Ontzia zeruertzean agertzen danean, lurrean zain dagozan arrantzaleek uretarantz eroaten ditue kautxuzko erruberadun ardatz bi eta azkar heltzen da ontzia; oso garrantzitsua da lurra joten ez ixtea, zehaztasun handiz ibili behar da azaldu dau Ahmedek, itsasoaren gainean egotea da gauza bat eta mobidutea beste bat. Neumatikoen gainean, arrantzaleek uretara salto egin eta Thoga hondartzara bideratzen dabe. Zerumugan desagertzen doan eguzkiaren argia ederra da eta arrainak ontzitik ataratea lako ikuskizunik ez dago.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu