Yoseba Peñak irabazi dau Zidarrezko Euskadi Saria

Bizkaie! 2019-04-10 13:32   Kulturea

Hariak liburuagaitik saritu dau Gipuzkoako Liburu Saltzaileen Alkargoak.

Yoseba Peña idazlea | Ikusi handiago | Argazki originala

Urtero udabarrian emoten ditue jakitera literatura alorreko Zidarrezko Euskadi Sariak. 2019ko edizino honetan, Gipuzkoako Liburu Saltzaileen Alkargoak Yoseba Peña saritu dau euskerazko kategorian, Hariak nobeleagaitik. Gaztelaniazkoan, Katharina Winkler izan da irabazlea, Cárdeno adorno liburuari esker.

Susa argitaletxeagaz plazaratu eban Yoseba Peñak Hariak, 2018an, Gerra Zibilaren aurreko urteetan hasten dan kontakizuna. Irene protagonistea Zarautzera ezkondu da, eta orduko giro nahasia ezagutzen dau han. 1950eko hamarkadara be badoa nobelea, gerra hotsak ia ahaztuta dagozan momentu batera. Xexili irabazleen bandoan hezi dabe, baina ingurukoei galdetuta kontzientzia hartzen joango da, injustizien kontra egiten hasten dan arte.

Hiru belaunalditako emakumeen bidez, Euskal Herriko mende erdiko historia kontetan dau Peñak liburu honetan, sasoi bakotxeko auzietan bete-betean sartuta. Zidarrezko Euskadi Sarietako epaimahaiaren ustez, hiru emakumeren historia, hiru sasoi eta hiru giro modu garbian kontetan dau Hariak-ek.

Katharina Winkler austriarrak be, emakumeak eta gatazkea lotu ditu Cárdeno adorno lanean, kasu honetan Turkiara begiratuaz. Kulturartekotasuna, generoa eta emigrazinoa bikain lantzen dituala dino epaimahaiak, eta ganera benetako istorio baten oinarrituta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu