Euskadi Ikerkuntza Saria, Eugene Chulkov fisikariarentzat

Bizkaie! 2019-04-08 09:48   Pil-pilean

EHUko katedradun eta DIPCko ikertzailea da.

Eugene Chulkov (argazkia: Nagore Iraola/EHU) | Ikusi handiago | Argazki originala

Zientzia eta Teknologia arloan entzute handiko bost ikerlarik osotutako epaimahaiak aho batez onartu dau 2018ko Euskadi Ikerkuntza Saria Eugene Chulkov, Euskal Herrian aspalditik bizi dan errusiarrari emotea. Hamar hautagai egon dira. EHUko Kimika Fakultadeko Materialen Fisika Saileko katedradun eta Donostia International Physics Center-eko (DIPC) eta Materialen Fisika Zentroko (CFM) ikertzailea da Chulkov.

Epaimahaiak Eugene Chulkov irakasle eta ikertzailearen ibilbidea azpimarratu dau, baita materia kondensaduaren fisika teorikoan nazinoartean erreferente bilakatu dan ikertaldea sortu eta zuzentzea be. Bestetik, Chulkoven ikerlanak goi-mailako argitalpenetan agertu dirala azaldu dau epaimahaiak.

Nekane Balluerka EHUko errektorea pozik agertu da unibersidade publikoko kide bati emon deutsielako saria: Chulkov irakasleak hogei urte baino gehiago daroaz gugaz lotuta. Berak eta bere lanak erakusten dabe gure erakundean egiten dan ikerketearen kalidadea, zein gure irakasleen nazinoartekotzea.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak urtero emoten dau Euskadi Ikerkuntza Saria. Urte bikoitietan –hau da 2018ko deialdiaren kasua- Zientzia eta Teknologia modalidadean egiten da deialdia; urte bakoitietan, ostera, Gizarte-Zientzien eta Humanidadeen arloko profesionalen lana autortzen dau sariak. Euskadi Ikerkuntza Sariak jarduera zientifikoa sustatzea dau helburu nagusia, bai eta honako beste hau be: Euskal Autonomia Erkidegoko eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikaduek egiten dituen ahaleginak bultzatzea, euren lanak oso eragin positiboa badau Euskadin.

Eugene Chulkov 1950ean jaio zan, Errusiako Ryazan eskualdean. Tomskeko unibersidadean ikasi eban, baina 1990eko hamarkadatik lotura estua euki dau Euskal Herriko giro akademikoagaz. 2000. urtetik DIPCko ikertzailea da, eta 2003an EHUren Fisika Saileko katedraduna da.

Fisikearen barruan, materia kondensaduaren eremuan dabil gehienbat, batez be egoera solidoaren fisikan eta gainazalen fisikan. Chulkoven lana hainbat esperimenturen jatorri izan da, kuasipartikulen eszitazinoen desintegrazinoaren mekanismoak eta batez besteko bizi-denporak, tunel espektroskopia eta angeluz bereizitako fotoemisino-espektroskopia ikertzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu