Euskerea ikasten dabizanak, Patxi Zubizarretaren nobela barriko protagonistak
2019-04-03 09:27 KultureaAlberdania argitaletxeagaz plazaratu dau Julien Vinsonen hegaldia.
Chiara izeneko neska italiar bat da Patxi Zubizarretaren nobela barriko pertsonaia nagusia, Boloniako unibersidadetik euskerea ikasten lau astez etorri dan emakumea. Chiararen abenturak eta ardurak kontetan dira Julien Vinsonen hegaldia liburuan (Alberdania), baina euskerea ikasten dabizan guztiei egindako omenaldia be bada. XIX. mendeko hizkuntzalari atzerritarrak zein gaur egungo euskera ikasleak sartu ditu Zubizarretak istorioan.
Julien Vinson frantziarra da nobelan agertzen dan hizkuntzalarietako bat. Izenburua hari jazotako pasadizo batetik hartu dau autoreak: Globo aerostatiko baten sartu zan, Baionan, bidean galdu, eta Nafarroako Zizur herrian hartu eban lur, ezustean. 1875ean izan zan hori.
Indiako hizkuntzetan aditua zan Vinson, eta Euskal Herrian be egon zan, euskerea ikasi eta aztertzen. Bere sasoiko beste hizkuntzalari atzerritar batzuen moduan, euskerea laster galduko zala iragarri eban. Antxinako beste euskalari batzuk be agertzen dira nobelan: Bonaparte, Humboldt, Duvoisin, Txepetx... Chiara protagonisteak horreek danak ezagutuko ditu euskerearen ganean ikertu ahala.
Hortaz, Julien Vinsonen hegaldia hizkuntzalaritzearen historia labur bat dala esan leiteke. Hori baino gehiago be bada, Chiararen abenturak eta barruko gogoetak agertzen diralako. Patxi Zubizarretak azaldu dauenez, euskerea ikastea ez da Chiara Euskal Herrira etorteko arrazoi bakarra: Italian ez da gustura egon, familiagaz eta bikotekideagaz hartu-emonak okertu egin jakoz, eta hizkuntzak dira haren bizipoza.
Azkenik, gaur egun euskerea ikasten dabizanentzako omenaldia be bada Julien Vinsonen hegaldia. Mundu zabaleko unibersidadeetan euskerearen eta euskal kulturearen inguruko ikastaroetan izena emoten dabenak gogoratu ditu Zubizarretak, baina baita Euskal Herrian ahalegina egiten dabizanak be. Ahalegin horri esker, herri eta uri askotan euskerea aurrera doa, autorearen arabera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!