Alex Txikon: 'Mendiak ezetz esaten badeutsu, horren kontra ezin da ezer egin'

Dabi Piedra 2019-04-01 08:03   Barriketan

Alpinistea.

Erronka galanta izan dau Alex Txikon mendizale lemoarrak neguan: K2 mendira (8.611 m) joan da, Winter Top Appeal espedizinoan, neguan zortzimilako horren tontorra igoten lehenengoa izateko asmoz. Abenduaren amaieran Euskal Herritik urten, eta martiaren amaierara arte etxera bueltau ez arren, ezin izan dau helburu nagusia bete.

Baina, bestelako asmo batzuk be izan ditu espedizinoak. Josep Sanchis medikua buru, Pakistango eskualde haretako jentearen osasun baldintzak hobetzen ibili dira. Ganera, medikuek mendizaleen osasuna kontrolau dabe egunez egun, gorputzak altueran ze erreakzino dituan aztertu eta medikuntzan bide barriak zabaltzeko. Ingurumenak be kezkatzen ditu Txikon eta kideak: Neurketak egin ditue glaziarretan, arriskuan ete dagozan jakiteko.

 

1.- K2 igon barik bueltau zarie, ze sensazino dakarzu espedizinotik?

Tira, K2 ezagutu dot, gure arteko hartu-emona hasi dala esan geinke. Egia esan, pozik etorri gara eta oroitzapen onak daukaguz. Daukadan sensazinoa da gehiago gura dodala. Guk uste genduan legez hartu gaitu K2k, mendiak oso gitxitan zabaltzen deutsu eskua.


2.- Azken zatia igon ezinda geratu zarie, 7.150 metrora. Ze traba euki zenduen?

Eguraldia, batez be haizea. Zezeila oso txarra izan da, ez deusku aukerarik emon ezertarako be ez. Mendiak batzuetan ezetz esaten deutsu, horren kontra ezin da ezer egin, burua hormearen kontra jo eta jo ibiltearen parekoa litzateke kontra egitea. Ikusi, ikasi eta pentsau, besterik ezin dozu egin, hurrengo baterako.


3.- Neguan igon bako zortzimilako bakarra da K2. Tontorrera neguan heltzeko giltzarria zein da?

Bizkortasuna, argi eta garbi. Errusiarren espedizinokoek egun asko egin ditue altuera handian eta uste dot holan ezin leitekela mendi hau igon, suberte handiz ez bada. Bizkortasuna behar da, zirt edo zart egin.


4.- Errusiarren espedizinoagaz tirabira batzuk izan dozuez, ze gorputzaldi itxi deutsu horrek?

Gorputzaldi ona ez, behinik behin. Gizartean ikusten diran gauza txarrak mendira, kanpaleku batera eroan doguz barriro. Min emoten deust, tristurea. Batzuetan barre be egin dogu euren hasarreagaz, esate baterako, edur bolak botaten euskuezenean. Gu grabetan ibilten ziran beti, baina behin guk kamarea ipini eta bolak botaten hasi ziran. Barregarria da, baina tensinoa be egon zan. Ostikoka hasteko modukoa zan, baina ez dogu patxadea galdu. Benetan, ez dot ulertzen euren jarrerea.


5.- Espedizinoaren beste momentu txar bat Danielle Nardi eta Tom Ballarden erreskatea izan zan. Nanga Parbatera joan, baina hilda topau zenduezen. Zelan bizi izan zenduan hori guztia?

Momentu gogorrak izaten dira, batez be, karga emozionalagaitik. Polemikea sortu zan, eurek aukeratutako ibilbidea gatxegia ete zan, baina horren ganetik, ez dogu imajinetan senideentzat ze latza dan. Interneten danetarikoak esan dira, holako eztabaidetatik iges egin behar da. Nik familiakoei esan neutsen zein dan egia, hau da, euren bizitzako azken egunetan oso zoriontsuak izan zirala, irribarretsu ikusi genduzan argazkietan eta bideoetan. Mezu positibo horreek emoten ahalegindu gara.


6.- Zuen espedizinoan, zorionez, danak bueltau zarie onik, aurreko urteetan legez. Segurtasunari emoten deutsazu lehentasuna.

Zera pentsau behar dogu, mendia amaitu egiten da tontorra zapaldutakoan? Ba ez, tontorrera heltzea baina han geratzea ez da gauza ona, behera bueltetean dago arrakastea. Kontetako bajatu behar da, bestela ez dauka baliorik.


7.- Hiru hile egin dozuez Karakorumeko mendietan. Hara joatean aklimatazinoa egiten dozuen legez, barriro itsasoaren mailara bueltetean be gorputza egokitu behar izaten dozue?

Ezer berezirik ez dogu egin behar. Politena da koloreak ikusten hasten zarela, gauzak usaintzen... ze han goian ez da berderik ikusten, usaindu be ez da egiten askorik. Bizirik zagozala ikusten dozu. Mendia agurtzea be inportantea da, eta handik oinez bajatzea. Aurreko negu bietan, helikopteroz bajatu ginan Everesteko Behe Kanpalekutik, eta akatsa izan zan, oinez igon eta bajatu behar da. Gorputzari jagokonez, ez dago ondorio handirik, batzuetan gauza kurioso bat pasetan jaku: Han ohituta gagozanez edurretan ibilten, beti aldatzean gora eta behera, hemen lur lauan ibiltean, baldosen ganean adibidez, arraro egiten jaku, ia-ia zorabioak emoten deusku, begitantzen jakulako arinegi gabizala mobiduten.


8.- Barritzailea izan da, zentzun askotan, Winter Top Appeal espedizinoa. Esate baterako, igluak erabili dozuez oihalezko denden ordez. Zer moduz konpondu zarie?

Primeran funtzionau dau, oso ondo. Tenperatura aldetik igarten zan aldea, eta soinuan be bai, ze han haizeak gogor joten dau. Guk alde egin dogu, eta igluak han geratu dira, sendo-sendo, harriak lez.


9.- Hurrengo espedizinoetan erabilteko moduko asmakizuna da, hortaz.

Bai, neguan bada ahaleginduko gara barriro igluak egiten. Baina kontuz ibili behar da, urteko beste sasoi batzuetan edo eguzkiak gogor joten badau, beharbada ez da horren idea ona, ze izotza urtu egin leiteke. Kasu batzuetan oso erabilgarria da, baina eguraldi atseginagoa daukazun espedizinoetan ez da oso praktikoa; ganera, giro epela badago zertarako ibiliko zara igluak egiten? Dendea ipini eta listo.


10.- Medikuak joan dira zuokaz, Josep Sanchis eta Kepa Lizarraga, inguruko herrietako biztanleei laguntzeko, baita zuen gorputzek altueran ze erreakzino daben ikusteko be. Ganera, glaziarretako izotza neurtzen ibili zarie. Kirol espedizinoa baino gehiago izan da zuena.

Bai, izotz laginak Japoniara bidean dagoz, han aztertuko ditue. Josep medikuaren lana be bikaina izan da, ze Felix Baltistan Fundazinoari lagundu deutso. Health Visitors izeneko andreak ibilten dira hango herrietan ginekologia kontuetan, fundazinokoek formakuntzea emon deutsie eta emagin modukoak dira. Josep hareei laguntzen ibili da, gauza barriak erakusten.


11.- Ganera, ingurumena oso kontuan hartu dozue.

Zaborraren kudeaketea oso positiboa izan dala uste dot, eguzki panelak be erabili doguz. Azken baten, inguru hori oso delikadua da, bakarra da munduan eta askotan ez gara konturatzen ze turismo klase nahi dogun. Hemen Euskal Herrian be zabaldu da turismo ereduaren inguruko eztabaidea, ba han bardin. Jakin behar dogu, ni hara banoa, beste ehun zamaketari nigaz datozala, eta gu guztion hondakinak eta plastikoak han itxi ezkero... hor heziketa lana behar da. Gu ahalegindu gara ezer ez ixten, ezta plastiko bat be.


12.- Espedizino luze honetatik bueltan, ze irakaspen dakarzu?

K2k erakutsi deusku persona hobeak izaten, gure tokia zein dan jakiten. Mendiak badauka bere legea, eta beti ezarten deutsu, horren kontra egiteak ez dauka zentzunik. Askotariko errealidadeen aurrean begiak zabaldu deuskuz, kultura eta hizkuntza aniztasun handia dago han, urdua eta ingelesa dira ofizialak, baina gu ibili garen lekuan badagoz paxtua, baltiera... Kultura aniztasunak desbardin eta antzeko egiten gaitu aldi berean.


13.- Bueltauko zara K2ra hurrengo neguan?

Gurako neuke, gogotsu nago, baina ikusiko dogu. Batzuetan pentsetan hasten naz, nik ez daukadala ezelako presinorik mendi hau edo bestea igoteko, babesleek ez deuskue hori eskatzen. Nik ez daukat beharrik tontorrak igoteko, askotan gustura geratzen naz ahaleginagaz. Baina egia da batzuetan gorputzak eskatzen deutsula tontorren bat igotea, beharbada helburu zehatza dalako.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu