Fantastikoaren Izarra Saria, Fred Dekker amerikarrarentzat
2019-03-29 13:37 ZinemeaMaiatzaren 3an emongo deutsie, FANT jaialdiaren barruan.
1980ko terror teen izeneko azpigeneroan nabarmendu zan Fred Dekker estadubatuarra, zinemazaleen gomutan geratu diran film ezagunak egin zituan sasoi haretan. Horrezaz gan, fantasiazko eta bildurrezko beste film batzuk be egin izan ditu bere ibilbide luzean, gidoilari zein zuzendari legez. Dekkerren pelikula ospetsuenetako batzuk dira Night of the Creeps eta The Monster Squad.
Hortaz, Bilboko Fantasiazko eta Bildurrezko Nazinoarteko Jaialdiak, FANTek, omenaldia egingo deutso Dekkerri, bere ibilbide oparoagaitik eta bildurrezko generoari egindako ekarpenagaitik. Fantastikoaren Izarra Ohorezko Saria emongo deutsie.
Aurten FANTek 25. edizinoa beteko dauenez, programazino berezia atontzen dabiz, ohi baino zabalagoa. Hori dala eta, lehenengo aldiz emongo dabe Fantastikoaren Izarra Saria bi bidar urte berean. Inaugurazino galan Fred Dekkerrek hartuko dau ohorezko sari hori, eta, amaiera ekitaldian, J.A. Bayonak, FANTeko arduradunek orain dala aste batzuk iragarri ebenez.
Dekkerren kasuan, maiatzaren 3an jasoko dau FANTen omenaldia, Campos Antzokian egingo dan ekitaldian, jaialdiaren inaugurazino galan hain zuzen. 20:00etan hasiko da.
Estadu Batuetako San Frantzisko urian jaio zan Fred Dekker, 1959an. Gaztetan hasi zan ikus-entzunezkoetan trebetasuna hartzen, 8mm formatuan. UCLA unibersidadean titulua atera eta gero, House trilogiaren sorkuntzan hartu eban parte, eta laster bere pelikulak zuzentzen hasi zan, gehienbat gazteei begirako bildurrezko istorioak. Shane Black bidelagun izan dau hainbat proiektutan.
Telebistan eta zineman luzaro ibili eta gero, urte batzuetan mundu horretatik urrun ibili zan Dekker, 2015ean bueltau zan arte. 1980an egin zituan film batzuk kultuzkoak bihurtu dira generoaren zaleen artean, esate baterako, Night of the Creeps.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!