J.A. Bayona sarituko dau FANT jaialdiak

Bizkaie! 2019-03-11 11:14   Zinemea

Fantastikoaren Izarra saria emongo deutsie zuzendari katalanari.

Fantasiazko zinemagintzan maisutasun eta arrakastadun ibilbidea egiteagaitik, Fantastikoaren Izarra saria emongo deutso Bilboko FANT festibalak Juan Antonio Bayona zuzendariari. 25. edizinoa beteko dau aurten FANTek, eta publiko zabalarentzat ezagun-ezaguna dan zinemagilea aukeratu dau.

Besteak beste, El Orfanato, Lo Imposible eta Un monstruo viene a verme film ospetsuak zuzendu ditu bartzelonarrak. Gaur egungo fantasiazko zinemearen maisu handietako bat dala dinoe FANTeko arduradunek, haren pelikula batzuk kultuzkoak bihurtu dira eta. Espainian arrakasta handia izan dabe haren lanek: Goya Sariak irabazi ditu eta Lo Imposible ikusten 6 miloe lagun joan ziran. Horrek nazinoarteko ateak zabaldu deutsaz (Lo Imposible-k berak 200 miloe dolar batu zituan eta Oscar Sarietan hartu eban parte).

Hollywoodeko aktore ezagunakaz lan egindakoa da J. A. Bayona. Esate baterako, Naomi Watts, Liam Neeson eta Sigourney Weaver bere aginduetara izan ditu. Bayonaren azken lana Jurassic World: Fallen Kingdom izan da, publikoaren erantzun bikaina jaso dauena, 1.300 miloe dolar baino gehiago batuta.

Erakundeek eta jaialdiek aitamen ugari egin deutsiez Bayonari: Espainiako Kultura Ministerioaren Zinematografia Sari Nazionala 2012an, Malagako Zinema Jaialdiaren Ibilbidearen Saria, Valladolideko Ohorezko Galburua...

Oraingo honetan, Bilboko FANTek sarituko dau. Maiatzaren 2tik 11ra egingo dabe jaialdia, eta amaiera ekitaldian emongo deutsie Fantastikoaren Izarra zuzendari katalanari. Ekitaldi horretan, ganera, DJ Carlos Bayona anaieak girotuko dau gaua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu