Bost erakusketa barri Expodistriton

Bizkaie! 2019-03-29 12:22   Kulturea

Bilboko barruti guztietara helduko dira argazkiak eta margolanak.

Apirilaren 2an hasiko da urteko bigarren hiruhilekoari jagokon Expodistrito programea. Bilboko barruti guztietako udaltegietan jarten diran aldi baterako erakusketa artistikoen zikloa da Expodistrito, Udalak antolatuta. Oraingo honetan, San Inazio-Ibarrekolandako, Begoñako, San Frantziskoko, Castañoseko, Otxarkoagako, Errekaldeko, Burtsako eta Abandoko udaltegietara helduko dira margolanen hiru erakusketa eta argazkigintzako beste bi.

Horrezaz gan, FANT jaialdiagaz lankidetzan, bildurrezko zinemeagaz lotutako erakusketa bi antolatu ditue, maiatzean FANTek 25. ekitaldia beteko dauela ospatzeko. Zazpi Kaleetan, Burtsako udaltegian, Mary Shelley: La muerte del monstruo libururako Raquel Lagartosek egindako marrazkiak ikusi ahal izango dira.

Abandoko udaltegian, ostera, 1970eko hamarkadan Espainian egin zan bildurrezko zinemagintzako antzezleen argazki erakusketea ipiniko dabe, Pedro Usabiaga komisario dala. Erakusketa biok maiatzaren 15era arte bisitau ahal izango dira.

Expodistritoko ganerako erakusketak, ostera, bagilera arte egongo dira udaltegietan. Carmen Nuño Alcalde, Vicky Taboada eta Manuel Pico Martinezen erakusketa banak beteko dabe pinturen egitaraua. Argazkigintzan, barriz, Jose Madrid Santurtun eta Diego Aldasororen lanak aukeratu ditue aurtengo egitaraurako. Erakusketa batzuk udaltegi baten baino gehiagotan ipiniko ditue, txandaka.

Ganera, programa nagusiaren osogarri, Pintura eta Arte Digitalaren Biurteko Sariketan aurkeztutako margolanetako batzuk ikusi ahal izango dira Abandoko udaltegian, maiatzaren 17tik 30era. Saritutako bost obrak eta epaimahaiak aukeratutako beste hamabost ipiniko ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu