‘Wikimedia + Hezkuntzea’ Nazinoarteko I. Biltzarra egingo da Donostian
2019-03-29 08:07 KultureaApirilaren 5etik 7ra mundu osoko 130 lagunek parte hartuko dabe.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak lagunduta, Wikimedia + Hezkuntzea nazinoarteko lehen konferentzia egingo da Donostian datorren astean, apirilaren 5etik 7ra. Mundu osoko 50 herrialde ezbardinetako 130 personek parte hartuko dabe ekitaldiaren inguruan atonduko diran 50 jarduera baino gehiagotan; ekimenon ardatza Wikipediaren eta hezkuntzearen arteko loturak izango dira. Euskal Wikilarien Kultura Alkarteak antolatu dau konferentzia.
Donostiako Udaleko udalbatza aretoan hasiko da konferentzia, apirilaren 5ean; hor egingo da harrera ekitaldia eta bertan parte hartuko dau hezkuntza gaietan aditua dan Mary Burnsek (18:45etik aurrera). Mary Burnsek 100 argitalpen baino gehiago plazaratu ditu, eta munduko kontinente guztietan lan egin dau hezkuntza curriculumen garapenean. Irakasleen formakuntzan eta hezkuntzearen erronka barrien inguruan aditua da.
Barikuko edegierearen ostean, zapatuan helduko da Wikipedia + Hezkuntzea nazinoarteko lehen biltzarraren egun nagusia, eta Katherine Maher Wikimedia Fundazinoko zuzendariaren eskutik hasiko da jardunaldia. Wikimedian hezkuntzeak dauen garrantziaz berba egingo dau Maherrek. Berbaldia, eguneko ganerako ekitaldi guztiak bezela, Tabakaleran izango da.
Berbaldiaren ostean, barriketaldiak, eztabaidak, ikastaroak eta posterren erakusketa bat antolatu dira, Tabakalerako 4. pisuan, lau eremu ezbardinetan banatuta.
Domekan amaierea emongo jako egitarauari; goizean Wikimedia 2030 estrategian hezkuntzeak izango dauen protagonismoari buruz eztabaidatuko dabe eta, ondoren, bertaratutakoek lau eremu ezbardinetan ikasi eta eztabaidatzeko aukerea izango dabe. Arratsaldean, ekimenari amaierea emoteko, parte-hartzaileak Milafrangara joango dira, Korrikako 749. kilometroan parte hartzeko.
Informazino gehiago eta egitaraua hemen.
Euskerazko Wikipedia
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hitzarmen bat sinatu eban 2017an Euskal Wikilarien Kultura Alkarteagaz, euskerazko Wikipedian kalidadezko artikuluak sustatzeko asmoz. Akordio horren arabera, Eusko Jaurlaritzeak 200.000 euro inbertiduko ditu, urtero, hiru urteko proiektu honetan (danetara, 600.000 euro 2017, 2018 eta 2019an). Horrezaz gan, Eusko Jaurlaritzako diru-laguntzino horri esker posible izango da datorren astean Donostian antolatuko dan nazinoarteko konferentzia. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eretxiz, euskerazko Wikipedia egitasmo estrategikoa da euskerea ingurune digitalean eta gazteen artean sustatzeko.
Orain 18 urte sortua, munduko entziklopediarik irakurriena da Wikipedia. 302 hizkuntzatan argitaratzen da eta euskereak posizino bikaina dauka horreen artean, izan be, artikulu kopuruaren arabera, euskarazko Wikipedia 29. postuan dago, malaysierea, turkierea eta armenierearen aurretik. Era berean, artikulu garrantzitsuenen sakoneran lehenengo 50 Wikipedien artean be badago.
Konferentziaren inguruko informazino gehiago behar izan ezkero, ondoko eposta hau erabili: hezkuntza@wikimedia.eus
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!