Beharrezko kontzientzia
2019-03-28 10:55 BidaideAkaso, borondate eta berba onak baztertu eta planetea kakazten daben gobernu ustelei presinoa egiteko momentua da.
Aldaketa klimatikorik ez dagoala dinoenak be autortu egiten ditue horri aurre egiteko hartutako neurri gehienak: energia barriztagarriak erabiltea, eragingarritasun energetikoaren igoerea, birzikletea, ur lohien tratamenduak kutsadurea gitxitu eta ingurumen osasungarriagoa lortzeko. Ingurumenari jagokon kontzientzia gero eta handiagoa da eta horrek eragiten dau aspaldi jarri behar izandako neurriak martxan
jartea: plastikozko galtzuak galarazo eta errekuntzako motorretan isuri kutsagarriak mugatu.
Aitatu konponbide horreek mundu garatuan martxan dagoz baina garapen bidean dagozan herrialdeetan motelagoa da prozesua. Azken egunak Bangladesh-eko kutsadura iturriak ikertzen emon dodaz eta esan neike ikaratu egin nazela atmosferea eta errekak zelan dagozan ikusita: jenteak ezelako bildur eta lotsa barik botaten ditu plastikoak errekara eta fabriketan be jarrerea ez da ona, izan be, ur baltzak edozelan erabilten ditue; ganera, ez da hori herritarren ardura nagusia.
Egoera horreek pobreziaren zein baliabide faltearen erruz jazoten dirala esan leikie batzuk baina Bangladesh-en ez dabe holako arrazoirik emoten. Kontuak kontu, deigarria bada be, ustelkeria aitatzen dabe askok. Arazoa, beraz, ez da diru faltea ez bada diru hori nora doan. Narru fabriken kasua ikaratzekoa da, izan be, erreka bat hondatu ostean, fabrikea beste lekuren batera eroaten dabe; gobernuak berbea emon eta dirua bideratu eban inguruetan urak eta airea garbitzeko lantegiak eregiteko baina holakorik ez zan ikusi.
Eregi, eregi zituen lantegiok eta koloretako urak horreetara bideratuta dagoz baina bidean makinatxu bat gorabehera izan diranez, ez dabe ezertarako balio. Bardin pasetan da adreilu lantegien kasuan, izan be, Dacca uriburuan, kutsadurearen % 58 eragiten dabe eta enpresari batek autortu eustan legez, indarreko arauei ez deutse kasurik egiten eta behar danean, ikuskatzaileak erosten edo koipeztuten dituela.
Bangladesh-eko ingurumenaren egoera tristea azaltzeko bigarren arrazoia da edukazino faltea. Herritarrek ez dakie airearen eta uraren kutsadureak zelako eragin kaltegarria dauen osasunean eta bizi-itxaropena zelan mugatzen dauen. Era berean, ez dakie ze ekarpen egin leikien konponbiderako. Eta begirune falta horren eraginez, gizartean ez dago ardurarik eta agenda politikoan be ez da sartzen. Txinan, barriz, herritarrek informazino zabala dabe eta erabagi politikoetan eragiteko gaitasun urria izan arren, lortu izan dabe gauza batzuetan aurrera egitea.
Kontua da ze kutsadurea gatx globala dala, nahitaezkoa da Mendebaldeak ardurea hartu eta gehien kutsatzen dabenak be tartean sartzea. Txina liderra da aitatu zerrenda tristean baina konponbideen bila dabiz. Bangladesh, barriz, itsasoak kutsatzen dituen 10 herrialdeen artean dago baina ez dabe itsasoko fauneari heriotzea eragiten deutsen gaie erreparetan. Bardin antzeko egoerea bizi da oraintsu bisitau ditudan herrialdeetan be, berbarako, Indonesian edo Filipinetan; horreetan oxigeno gitxi dago uretan eta bizi gitxi. Akaso, borondate eta berba onak baztertu eta planetea kakazten daben gobernu ustelei presinoa egiteko momentua da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!