Arteen Asteak 50 jarduera dakarz Bilbora

Bizkaie! 2019-03-26 11:36   Kulturea

Maiatzaren 2tik 12ra egingo dabe VII. Bilbao Art District.

Komisarioak eta, erdian, Nekane Alonso zinegotzia (argazkiak: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Arteen Astea izena dauen arren, hamar eguneko egitarau zabala antolatu dabe Bilboko Udalak eta sorkuntzearen munduko eragileek. Danetara, 50 ekintza inguru egongo dira uriko hainbat lekutan: esku-hartze artistikoak, erakusketak, bisitak, tailerrak, jardunaldiak, berbaldiak eta kontzertuak. Danak doban eta herritar guztiei zabalik.

Bilbao Art Districten zazpigarren edizino honetako komisarioak MawaTres artistea eta Andrea Estankona ikertzailea dira. Atondu dituen jardueren helburua da uria, herritarrak, artistak, galeriak, eragileak, produkzino-zentroak, museoak eta unibersidadea alkartzeko ingurunea sortzea. Horrezaz gan, Arteen Astearen bidez Bilboko sektore artistikoa dinamizau nahi dabe, eta eragin hori urte osora zabaldu.

Ikusizko arteek sortzen daben balio ekonomikoari, sozialari eta kulturalari buruz gogoetea egitea izango da aurtengo edizinoko ardatzetako bat. Bilbon esperientziak konpartiduteko espazioak sortzeko, zein esperimentazinoa, irudimena eta ikerketea bultzatzeko, hainbat alor kontuan hartu behar dirala dinoe antolatzaileek, hau da, alderdi sozial, kultural eta ekonomikoa. Artea, balio kulturala izateaz gan, garapen integralerako eragilea be badala nabarmendu dabe.

Adituak eta profesionalak ez eze, publikoa be bada Bilbao Art Districten helburua. Uriko gune publiko askotan ikusi ahal izango dira artelanak eta esku-hartze artistikoak, maiatzaren 2tik 12ra. Arte Eder Museoa, Erriberako Zubia, Zabalguneko eraikina, Abandoibarra, galeriak eta EHUko Arte Ederren Fakultadea dira, besteak beste, horreek espazioak.

Ganera, bisita gidatuak antolatu ditue Casilda Iturriza parkean, artisten esku-hartzeak ezagutzeko. Maiatzaren 11n, galerien eguna egingo dabe. Honeek dira proiektuan parte hartuko daben galeriak: LaTaller, Espacio Marzana, SC Gallery, Aldama Fabre Gallery, Juan Manuel Lumbreras galeria, Vanguardia galeria, MH Art Gallery eta Aire galeria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu