Larrabetzuko Udalak 1936ko gerran hildako pilotu alemaniarraren hilarria gorde dau
2019-03-26 12:14 Pil-pileanKalean egon da hilarria orain arte, eta, haregaz zer egin erabagi arte, babesean gordetea erabagi dau Udalak.
1936ko gerra eta ondorengo urteetako oroimen historikoa berreskuratzeko egitasmoa lantzen dabil Larrabetzuko Udala, eta Alemania naziak 1936ko jazoeretan izan eban parte hartzearen erakusleetako bat da herrian dagoan Hans J. Wandel pilotuaren hilarria. Landa batean izan da orain arte, ezelako babesik barik, eta izan leikezan kalteei aurre egiteko gorde dau udalak.
Ezaguna da Alemaniak eta Italiak 1936ko gatazkan izan eben protagonismoa, gerra egiteko modu barria frogatzeko aukeratu ebelako Mussolinik eta Hitlerrek Bizkaiko erasoa. Alemanez, blitzkrieg, edo, italieraz, guerra celere. Honakoa zan taktikea: arerioen frontea bonbardeau eta guztiz txikitu, artilleria bialdu, eta, ondoren, infanteria; hori guztia, gizarte zibilari ezelako begirunerik barik, Francogaz egindako hitzarmenaren arabera. Herman Wilhem Goring politikari naziak Nurenbergeko epaitegian autortu eban euskal lurraldea Luftwaffe Alemaniako aire armadearen proba lekua izan zala. Larrabetzuk baditu errealidade horren lekuko bi, izan be, hegazkin bi jausi ziralako herrian hilebete biko epean: maiatzaren 13an lehenengoa, eta bagilaren 11n, bigarrena.
Bizkargitik egin eutsen tiro lehenengo hegazkinari, 1937ko maiatzaren erdialdean. Paraxutari esker salbau zan Hans J. Wandel pilotua, 23 urteko arkitektu alemaniarra. Atzo herri bat lurperatu genduan, inoan Wandelek gordeta zituan papelen artean topautako gutun batek. Gernikako bonbardaketan parte hartu eban Wandelek, eta heriotza zigorra ezarri eutsien horregaitik. Hil aurretik, baina, Alemaniara itzuli eta 1942 hil eben, Bigarren Mundu Gerran, Errusiako frontean.
Hilebetera jausitako bigarren hegazkina, Burdin Hesiaren kontrako erasoan: Fusilaren tiroakaz hegazkin bat eztandarazo eben airean. Hegazkina Larrabetzutik gertu jausi zan, txiki eginda, eta pilotu alemana guztiz kiskalita. Paraxuta urdin argia gudarien artean banatu eben, azaldu eban Pablo Beldarrainek Historia Critica de la Guerra Civil liburuan. Faxistak Larrabetzura sartzear egozala hil eben August Wilmsen, Burdin Hesia hausi eta herrira sartu ondoren hobia be jarri eutsien herrian. Hor egon da ordutik. Holan agiri da hobian: Hemen hil zan 1937ko bagilaren 1ean, Espainiaren alde, August Wilmsen, 1913ko martiaren 14an, Kefrelden jaioa. Hainbat herritarrek gogoratzen dabenez, 1936ko gerrea amaitu ondoren be, autobusa etorten zan Alemaniatik Larrabetzura, pilotuari omenaldia egiteko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!