Maite Losadaren kantaldia Igorren

Bizkaie! 2019-03-26 09:41   Musikea

Kontzertua martiaren 29an izango da, arrastiko 19:30ean.

Maite Losada eta bere taldeak, Notas sensibles izenekoak, kantaldia eskainiko dabe Igorreko parrokian datorren martiaren 29an, arrastiko 19:30ean hasita. Sarrera librea eta debaldekoa izango da leku guztiak bete arte.

Maite Losada konpositore bilbotarrak, ahots koruaz gan, gitarra eta tekladuagaz lagunduta eskainiko dau abesti sorta ederra, pop-rock bere estiloa erabiliz.

Kantaldian, Arratiako hainbat umek be parte hartuko dau, Losadari kantu batzuetan lagunduz eta koroak eginaz. Asteak daroez aurkezpen hau atontzen.


Maite Losada Gurtubai

Lanbidez irakaslea, baina bere pasinoa beti izan da musikea, baloreak, alaitasuna eta poza zabaltzeko tresna moduan. Bere burua konpositore lez aurkezten dau, kantari legez baino gehiago. Horregaitik, azken urteotan Notas sensibles izeneko aurkezpenak egin ditu koruagaz batera.

Hamaika disko ditu argitaratuta, 150 kantu, euskeraz zein erderaz. Lau disko euskeraz grabau ditu: Ixiltasunean, Bihotz berriak, Irribarreak eta Hegoak. Diska honeek bere bersinoa dabe gaztelaniaz be. Beste lauzpabost ditu erdera hutsean.

Igorreko kantaldian euskerazko bersinoak entzungo ditugu batez be, nahiz eta erderazko batan bat be kantau.

Nobedade legez, Igorren Cien veces más kantuaren euskerazko bersinoa lehenengoz entzungo da jentaurrean, kantaldi honetarako berenberegi atondutako bersinoa.

Ez da lehen aldia Arratiako Eleizak holango kantaldiak eratzen dituana. Organo eta abesbatzen musikaz gan, musika modernoari be tartea egin deutso programazinoan. Azken urteotan gure artean izan dira, adibidez, Peio Ospital, Michel Ducau eta bere taldea, Igorren, edota Juanjo Elezkano Lemoan.

Informazino gehiego hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu