Loraldiak bat egingo dau Teatro Egunagaz
2019-03-26 08:11 KultureaAizpea Goenagaren irakurraldia eta Izotza apurtzen den ertza antzezlana antolatuko ditue.
Martiaren 27an izango da Teatroaren Eguna, eta Loraldia Festibalak bat egingo dau. Irakurraldi musikatua eta antzezlana programau ditu egun horretarako. Bilboko Campos Antzokian izango dira ekitaldi biak.
Aizpea Goenagak euskal antzerkigintzearen inguruko testua idatzi dau irakurraldirako. Ikuspegi aldarrikatzaile batetik begiratuko deutso euskeraz egindako teatroari, 1750ean Pedro Ignazio Barrutiak idatzitako Gabonetako ikuskizuna-tik hasita. Aurrekoek euskal antzerkigintzearen alde egindakoa eta ikusezintasunetik urteteko egindako ahalegina gogoratuko ditu Goenagak.
Horrezaz gan, gaur egungo antzerkigintzan oraindino dagozan oztopo eta zailtasunak aitatuko ditu. Emakumeek izan daben eta orain daben presentzia, itzulpengintzea, eragileen profesionalizazinoa, eta abar be agertuko dira testuan. Irakurraldiari laguntzeko, Goenagak testua irakurtzen dauen bitartean Gorka Benitezek saxofoia joko dau.
Irakurraldiaren ostean, Izotza apurtzen den ertza antzezlana ikusi ahal izango da Campos Antzokian. Olatz Beobide aktorearen eta La Cuerda taldearen produkzino honetan, gizakien esplotazinoa eta biziraupena lantzen ditu. Galdera hau botako deutsie ikus-entzuleei: Non dago esplotazinoaren eta biziraupenaren arteko mugea?
Oholtzan hiru aktore, hirurak emakumezkoak, egongo dira: Olatz Beobide bera, eta La Cuerdako Maitane Perez eta Maider Lekunberri. Bestetik, antzezlanari laguntzen deutsien ikus-entzunezkoak Acronica etxearenak dira, musikea Pascal Gaignerena, eta eszenografia, Edi Naudorena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!