Bilboko VII. basque FEST, Aste Santuan
2019-03-26 08:05 KultureaApirilaren 17tik 21era, 300 jarduera baino gehiago izango dira.
Aurten be euskal kulturearen jaia Bilbora itzuliko da Aste Santuan: basque FEST ekimenak kultura eta aisialdirako eskaintza zabala ekarriko dau, aurreko urteetan baino aberatsagoa. Bilboko Udalak atondu dau programea, eta, guztira, 300 jarduera baino gehiago egongo dira, dobakoak danak eta gustu eta edade guztietako personentzat pentsautakoak. Jaialdiko ohiko atalez gan (Kulturea, Musikea, Marketa, Sport eta Gourmet), Zinemea izango da aurten eta, besteak beste, Koldo Serra zuzendari bilbotarraren Gernika filma ikusteko aukerea izango da.
Zazpigarren urtez jarraian, Bilbo herri kiroletarako agertokia izango da, eta produktu gastronomiko onenez gozetako aukera be izango da, baita euskerara hurrreratu eta kalejiren alaitasuna sentiduteko aukerea be. basque FEST espazio barriakaz dator, itsasadarreko jarduera barriakaz eta goi-mailako musika-eskaintzeagaz: Iparraldeko Kalakan hirukotea, San Salvador taldearen kontzertua eta Oreka TX taldearen ikuskizun barriaren munduko estreinaldia eta Izaro euskal poparen izarra azpimarratu behar dira.
Zazpi urteko ibilbidearen ostean, bisitariak Bilbora erakarri eta jarduera ekonomikoa sortzeko iturri lez finkatu da basque FEST. Uria dinamizetako, hurreko merkatua bultzatzeko eta kultura-turismoa sustatzeko proiektua da, bai eta Aste Santuan urian geratuko diran bilbotarrei kalidade oneko proposamena eskaintzeko proiektua be. Jaialdiaren azken edizinoan parte-hartzaileen markak hausi ziran 100.000 personagaz.
Lapurdiko Itsasu herriko Errobi jaialdia izango da aurtengo konbidadua
Euskal kulturearen jaia apirilaren 17an hasiko da Azkuna Zentroan, Kalakan eta Khami taldeek sortutako Mugak ikuskizunagaz; Errobiren eskutik helduko da, aurtengo gonbidatua dan Lapurdiko Itsasu herriko jaialdia. Kalakan hirukoteak euskerea eta txalapartea ezagutzera emon zituan Madonnaren munduko biran, eta 20:00etatik aurrera txalapartearen, albokearen edo txirulearen antxinako soinuak hainbat perkusino instrumentugaz lotuko ditue, bai eta planetako beste leku batzuetako tresnakaz eta musika elektronikoaren zertzeladakaz be.
Atal barria: Zinemea
basque FEST 2019ren barritasun handienetakoa Zinema atala sartzea izan da. BBK Salan, Koldo Serra zuzendari bilbotarraren Gernika filma ikusi ahal izango da. Apirilaren 18an, 19an eta 20an proiektauko da 2017. urteko Goya sarirako izentautako filma. Ganera, ikusleek Gernika, kameren atzean erakusketaz gozau ahal izango dabe David Herranz argazkilariaren eskutik.
Musika oso garrantzitsua da basque FESTen, eta Kalakanen ikuskizunak izar eta persona ugari batuko ditu. Apirilaren 20an, barriz, ikuskizun baten munduko estreinaldia egingo da Azkuna Zentroan, gaueko 22:00etan, Oreka TXen txalapartearen eta San Salvador banda okzitaniarren polifoniaren ingurukoa; danetara, hamaika musikari eta abeslari igoko dira agertokira.
Aurten, emakumeak nabarmenduko dira musikearen atalean, izan be, Mallabiko Izaro kantautoreak 2020. urtera arte Euskadin egingo dauen azken kontzertua eskainiko dau hilaren 18an, 21:00etan Plaza Barrian. Beste alde batetik, Nora Izagirre, Miren Narbaiza eta Olatz Salvador euskal artisten ahotsak entzun ahal izango ditugu Bilborocken.
Kafe Antzokiak basque FEST Rock City programauko dau barriro, eta gaur egungo euskal panoramako talderik onenak batuko ditu; egunero egongo dira kontzertuak 22:00etatik aurrera, eta aurten nazinoarteko talde gonbidatua Eskoziako Teeenage Fanclub taldea izango da.
basque Fest 2019
Uriko gizarte eta ekonomia-bizitza dinamizetako ekitaldia da basque FEST. Jarduerez betetako bost egunei esker, Bilbo turismorako erreferentziazko lekua da Aste Santuan. Igaz markak hausi eta 100.148 persona bertaratu ziran.
Aurten, inoiz baino establezimendu gehiago egongo dira: ostalaritzako eta merkataritzako 360 establezimendu, 300 jarduera baino gehiago barrubatzen dituan basque FESTen programazino zabalean: 405 artista, jarduerak produziduteko eta gauzatzeko 253 langile, 53 musika, jantza eta antzerki-ikuskizun eta 37 kirol-jarduera, besteak beste, herri kirolak, eskupelotea, arrauna eta step akuatikoak.
Udalak 25.000 informazino-liburuxka banatuko ditu jarduerei, ordutegiei eta herritarrentzat erabilgarria dan informazino guztiagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!