82 urte eta gero bonbardaketan hildakoak gogoratzen jarraituko dau Gerediagak

Bizkaie! 2019-03-22 11:56   Kulturea

281 bonba,  205 etxe hondatuta eta 336 hildako.

Durangoko Udalak koordinautako egitarau zabalean, Gerediaga Alkarteak aurten lau ekimen kudeatuko ditu: argazki erakusketa bat, dokumental baten emonaldia, bonbardaketearen aztarnetatik bisita gidatuak eta bonbardaketan hildakoei oroimen ekitaldia:


Irudi izoztuak vs izoztutako oroimenak

Erakusketea martiaren 25etik apirilaren 23ra. Andra Mari basilikearen inguruko hormetan, formatu handiko argazkiak eskegiko dira. Gerediaga Alkartearen dokumentategian gordetako argazkien aukeraketa bat da. Danetara, 22 irudi. Bonbardaketen unea eta osteko hondamendia argi erakusten dituen argazki zaharrak dira.


Durango, isildutako bonbardaketea

Dokumental emonaldia. Zugaza zineman. Martiaren 28an, eguenean. Emonaldi bi: 18:00etan, gazteleraz, 20:00retan, euskeraz.

2007an Durangoko Udalak, EiTBk eta Digytal etxeak egindako dokumentala da. Bonbardaketako testigantzak, filmoteketako irudiak, bonbardaketearen ondorioen irudikapena eta bestelakoak batzen ditu. Alkarrizketak Juanan Hernandez kazetari durangarrak egin eta zazpi lekukoren testigantzak batu zituan: Jose Manuel Azurmendi, Jone eta Maitena Beslaustegigoitia, MªPilar Echevarria, Demetrio Arrinda, Jesus Moreno Leibar eta Esteban Cuevas. Eurekin batera, Josu Chueca historialaria eta Jon Irazabal Gerediaga Alkartean bonbardaketEa ikertu dAuen bazkideak be parte hartu eben kontakizunean.

Gerediagak interes berezia dauka bonbardaketako lekuko izan eta dokumentalean berba egiten dituenen jatorrizko grabazinoak eskuratzeko, alkartearen dokumentategian gordeteko. Material hori, alkartean gordeta dagoan besteakaz batera, etorkizuneko ikerketa eta zabalkunde lanetarako balioko leuke. Lekukoak, zoritxarrez, hilda dagozanez, euren familiartekoei dei zabala egiten deutse Gerediagak, daten eta irudien babeserako legeak bete ahal izateko, grabazinoak eskuratzea erreztuko dauen euren baimena emoteko.

Emonaldiaren amaieran, dokumentalaren gaineko barriketa laburra izango da eta alkarrizketak egiten ibilitako Juanan Hernandez kazetariak parte hartuko dau.


Bonbardaketearen aztarnak

Dobako bisita gidatua. Martiaren 30ean, zapatuan; goizeko 11:00etan, gaztelaniaz / 12:30ean, euskeraz.

Esteroskopikoakaz egingo da bisitea eta bonbardaketak eragindako suntsiketearen irudi zaharrak ikusteko aukerea izango da. Ordu t’erdiko bisitea da oinez, eta edozeinek egitekoa, Durangoko kaleetan zehar. Topalekua: Kurutzesantu Museoan (egungo turismo bulegoan). Leku kopuru mugatua da eta ezinbestekoa izango da izena emotea: gerediaga@gerediaga.eus / 946818066


Bonbardaketan hildakoei oroimen ekitaldia

Martiaren 31n, domekan. Iluntzeko 20:00etan, Andra Mari basilikearen eleizpean. Durangoko bonbardaketearen aztarnak jasoten dituan ikus-entzunezko laburra eskainiko da. Idoia Bediaga abeslariak egingo dau aurten bonbardaketearen kantuaren bersinoa. Lore eskaintzea, barriz, Mari Ardanza durangarrak egingo dau, Idoia Bediagaren amamak; 91 urte daukaz eta San Fausto auzoan bizi izan eban bonbardaketea. Ohorezko jantza emonaldia Kriskitin jantza taldearen eskutik izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu