Ermuko XIV. Folkez Blai martxan
2019-03-20 13:46 MusikeaParte hartu nahi daben taldeek maiatzaren 15era arteko epea daukie grabazinoak bialtzeko.
Inguruko musika-taldeak bultzatu eta folk estiloa zabaltzeko asmoz antolatu dau Ermuko Udalak XIV. Folkez Blai lehiaketea. Herriko taldeek laguntasuna emoten dabe antolakuntzan, eta epaimahaian be egoten dira. Fase bi izango ditu sariketeak: Lehenengoan, grabazinoen bidez hartuko dabe parte taldeek; bigarrenean, zuzeneko kontzertuak egongo dira.
Lehiaketan parte hartu nahi dabenek euren kantuen grabazinoa bialdu beharko dabe maiatzaren 15a baino lehen. Launa abesti bialtzeko eskatu deutse antolatzaileek taldeei, horreetatik gitxienez erdiak originalak. Lobiano Kultur Etxean entregau behar dira grabazinoak, Ermuko Udalaren Kultura Sailaren egoitzan.
Aurkeztutako guztien artean, sei talde aukeratuko ditu epaimahaiak, zuzenean jo deien. Kontzertuak irailaren 13, 14 eta 15ean izango dira, Orbe Kardinalaren plazan. Sei finalistek hiru ordu lauren eta ordubete bitarteko emonaldia egingo dabe. Ganera, igazko irabazleak eta folk musikan ibilbide luzea dauen beste talde batek be joko dabe egun horreetan, baina lehiaketaz kanpo.
Talde finalista bakotxari 400 euro emongo deutsiez. Sari nagusi bi egongo dira: Lehenengoa 3.000 eurokoa, eta bigarrena, 1.500ekoa. Era berean, irabazleak datorren urteko Folkez Blai eta GetxoFolk jaialdietan joteko eskubidea izango dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!