Oier Aranzabal eta Mikel Urdangarin: 'Artisten jardunaren atzealdea ondo erakusten dau filmak'
2019-03-18 08:00 BarriketanMargolaria filmeko zuzendaria eta protagonistea.
Oier Aranzabalen lehenengo film luzea da Margolaria, artisten alde izkutua agirian ixten dauen zuri-baltzezko dokumentala. Mikel Urdangarin da protagonista nagusia, baina ez da musikari zornotzarrari buruzko filma. Sortzaile guztiei arpegia ipinten deutsana da Urdangarin, danen ordezkari da dokumentalean. Artistearen bakardadea, fokuetatik kanpoko gorabeherak, motibazinoak, sortze-prozesua eta abar agertzen ditu Aranzabalek. Urdangarinegaz batera, beste sortzaile batzuek be badabe lekua Margolaria-n: Alain Urrutiak, Rafa Ruedak, Kirmen Uribek, Nika Bitxiaxvili georgiarrak...
Donostiako Zinemaldian eta beste jaialdi batzuetan ikusi ahal izan da Margolaria orain arte, eta Bilboko BBK Salan egin eben aurrestreinaldia martiaren 12an. Areto komertzialetara, baina, asteon helduko da, hilaren 22an hain zuzen. Hori dala eta, Oier Aranzabal eta Mikel Urdangarinegaz berba egiteko tartea hartu dogu.
1.- Mikel Urdangarin da protagonistea. Baina nabarmendu dozue ez dala berari buruzko dokumentala.
Oier Aranzabal: Hasieratik esan genduan guk ez genduala biopic-a egin nahi. Mikel hogei urtez ibili da musikan, badauka diskurso interesgarri bat. Filma bada artistearen figurea, sortzailea modu generikoan ulertuta, irudikatzeko ahalegina. Aukerea izan genduan Mikelen azken diskoko prozesu guztia grabetako, bidaietan be beragaz joan ginan. Orduan, bada road-movie bat, baina bada artistearen arimea erakusteko bidaiea be.
2.- Artistearen alde publikoak erakusten ez dauena ikusten da dokumentalean. Horrek harritu egingo dau jentea?
O.A.: Niri erakargarri egiten jat artista guztiek daben B alde hori, normalean ikusten ez doguna. Artisteak oholtzara igoten dau, ordubetez jente piloa dauka aurrean, baina egunaren ganerako orduak be bizi behar ditu. Oholtza atzeko hori, etxeko hori erakargarri egiten jat batez be. Musikariena ez eze, beste artistena be bai. Egia atrapetan ahalegindu gara, eta neurri handi baten lortu dogula uste dot.
Mikel Urdangarin: Pelikulearen bertuteetako bat da gure jardunaren atzealde hori ondo erakusten asmau dauela. Foku eta kontzertuetatik kanpo gure bizitzea zelakoa dan ez daki jente askok. Ordu mordoa pasetan dogu bakarrik, lanean. Oholtza ganeko ordu edo ordu eta erdi hori egiteko, hilabeteetako edo urteetako lan bakartia dago atzetik.
3.- Mikel ezaguna da Euskal Herrian, ohituta gagoz bera oholtzan ikusten. Film honek topikoak apurtuko ditu?
O.A.: Ez da hori izan gure helburua, baina topiko batzuk apurtzen laguntzen badogu askoz hobeto. Ezinbestean, Mikelek beragaz dakarzan hainbat gai jorratzen dira. Edozelan be, Mikel ez da arautzat hartu behar, sortzaile guztiek ez daukiez bere ezaugarriak. Esate baterako, musikatik bizi da, artista gitxik egin leikie hori, ez da ohikoa. Horrek be interesgarri egiten dau pelikula hau.
4.- Musikariaren bizimodua ez da beti erraza, dokumentalean ikusten danez. Zuk, Mikel, 20 urte daroazuz musikatik bizi izaten, inoz damutu zara pausu hori egin izanaz?
M.U.: Hau egunetik egunera doan ariketea da, zeure apustua egunero berretsi behar dozu. Nire bizitzako erabagirik inportanteena izan zan, bizitzea bera aldatu eustalako, onerako. Nik ez neban musikatik bizi izatea erabagi bakarrik, erabagi neban zoriontsu izatea, bizitzan aukera askorik ez dira egoten, eta hor ikusi neban nik. Uste dot pelikuleak zelanbait esaten dauela zerk mobidu eragiten gaituen artistok apustu horretan. Azken baten, horren atzean dago egizu maite dozun hori esaldia.
5.- Zelan sortu jatzuen alkarregaz lan egiteko aukerea?
M.U.: Paperezko kontzertuak zikloaren barruan ezagutu genduan alkar Oierrek eta biok, bera zan antolatzailea. Proposamena harriduraz hartu neban, baina gero berbetan hasi ginanean, garbi esan neutsan niri buruzko dokumentalik ez nebala nahi, baina ni atxakia izanda beste zeozer kontetea ondo egongo zala.
O.A.: Kasualidadeak badauka zerikusia, alkarren arteko lagunak be badoguz. Mikel espezie arraro baten ordezkari da, hau da, bere musikatik bizi dan artistearena. Horregaitik ausartu ginan dokumentala egiten, aukerea sortu zan orain dala bi edo hiru urte. Filmerako pertsonaia aproposa izango zala ikusi neban.
6.- Urte bi egon zarie alkarregaz: Mikel bere egunerokoan, Oier atzetik kamareagaz. Zelakoa izan da esperientzia?
M.U.: Oierren eta bion artean kimikatxua sortu zan hasierako egunetik, ez zan arroztasunik egon. Kamara artean ibiltera ohituta egon naz lehendik, nire ibilbidean tokau izan jat kamara aurrean agertzea, ez naz deseroso sentidu. Lantaldea be oso lagunkoia izan da.
O.A.: Niretzat aberasgarria izan da, duda barik. Nire lehenengo dokumentala eta lan luzea da hau, nik ez nekian zer zan hori. Mikeli segitzea be aberasgarria izan da, baina ez alderdi artistikotik bakarrik, lagun minak egin gara, momentu personalak, batzuk gogorrak, konpartidu doguz. Polita izan da zentzun guztietan, oparia. Mikeli eskertu behar deutsat bere etxeko ateak zabaldu izana, edonor ez dago prest hori egiteko.
M.U.: Ez neban ikusten mugarik ipinteko beharrik. Muga bakarra ipini neban, eta Oierrek apurtu egin eban. Nik esan neutsan ez nebala familia inplikau nahi, ez nituala senideak behartu nahi. Oierrek baekian familia agertzea inportantea zala eta bere kabuz lortu eban familiako batzuek grabazinoan parte hartzea. Orain familia pozik dago.
7.- Mikelez gan, beste sortzaile batzuk be agertzen dira: Alain Urrutia, Rafa Rueda eta Kirmen Uribe, besteak beste. Ze ekarpen egiten dabe dokumentalean?
O.A.: Mikel da, zelanbait, pelikulako gidaria, berak eroaten gaitu bidaia berezi horretan. Bide horretan, protagonismoa edo diskursoa bere inguruan dago. Baina bapatean Nika Bitxiaxvili musikari georgiarrak hartzen dau zentraltasun hori, gero Kirmen Uribek... Diskursoa ez dau Mikelek bakarrik osotuten. Artistearen inguruan modu generikoan egiten dogu berba, ze diskursoa ez da Mikelena bakarrik. Hainbat sortzailek ahots batetik egiten dabe berba. Protagonistea artistea da, modu generikoan, ez artista jakin bat.
8.- Filma zuri-baltzean errodau dozu, Oier. Zer dala eta aukera tekniko hori?
O.A.: Zuri-baltzaren zalea naz, baina prozesu honetan zaleago bihurtu naz. Alain Urrutiaren eraginez izan da hori, berak beti zuri-baltzean marrazten dauelako, jantzi be bai, zuri-baltzean bizi da eta paleta hori aldarrikatzen dau, zuritik baltzera dagozan matiz guztiakaz.
9.- Zeure burua film luze baten agertzeak ze sentsazino eragin deutsuz, Mikel?
M.U: Lehenengo aldiz Zinemaldian ikusi neban pantaila handian. Ezinbestez joan nintzan, ze ama hil barria neukan eta ezin izan neban disfrutau. Ariketa gogorra izan zan, ama be dokumentalean agertzen dalako. Gerora, denporea pasauta, beste modu baten aztertuko dot dana. Neure burua ikusteaz, tira, nire bizitzea agertzen da, baina nire bizitzearen atal bat baino ez da. Oierrek historia bat kontetan dau, eta horretarako behar dauena hartu dau, bestea ez. Istorio horren parte ikusten dot neure burua, era normalizaduan. Baina zineman egoteak beti eragiten dau errespetua.
10.- Hilaren 22an helduko da Margolaria zinema-areto komertzialetara. Ze ibilbide espero dozue?
O.A.: Niretzat, pelikulea amaitu izana bera bada arrakastea. Hortaz, hemendik aurrerako guztiak izango dira poztekoak. Zinemaldian egotea be sekulako oparia izan zan, areto komertzialetan estreinau ahal izatea zer esanik ez, ez da lorpen erraza. Ganera, Bartzelonan eta Madrilen be estreinauko dogu.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!