Joxema Leitza Razkinek jantziko deutso txapela irabazleari
2019-03-15 13:24 Bertsolaritzea44. Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala martiaren 23an jokatuko da.
2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketea heldu da azken geltokira. Tuteratik Urdazubira, Iruritatik Lizarrara, Atarrabiatik Etxarri Aranatzera eta Lesakatik Iruñera, Nafarroaren berdeak, horiak eta gorriak zeharkatu ditu 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketeak. Bide bat bertsoarena, euskerea Nafarroan barrena zabaltzeko, mila kolore eta mila Nafarroa diran Nafarroa honetan. Gure geografia anitzean barrena ibili ostean, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian itsasoratuko dira bide horretako urak, finalean.
30 bertsolarik emon eben izena 44. Nafarroako Bertsolari Txapelketan, eta aurrekanporaketak igarota, 24 izan ziran Tuteran hasitako ibilbidean. Final-laurenen eta finalaurrekoen ostean, zortzi heldu dira finalera: Eneko Lazkoz, Xabier Terreros, Joanes Illarregi, Eneko Fernandez, Julio Soto, Xabat Illarregi, Julen Zelaieta eta Xabi Maia.
Nafarroako Bertsozale Alkarteak gaur egin dau finalaren aurkezpen prentsaurrekoa, Anaitasunan bertan. Han izan dira Alaitz Rekondo eta Ander Perez Alkarteko lehendakari eta koordinatzailea, Maider Beloki Iruñeko kultur zinegotzia eta finaleko zortzi bertsolariak.
Urteak joan urteak etorri, Nafarroako euskal kulturearen erreferentzia bihurtu da Nafarroako Bertsolari Txapelketea. Baina ez da bat-bateko lorea. Txapelketea urtean zehar egiten dan lan isilaren emoitzea da, bertsolaritzea transmitiduteko alorrean egindako lanaren ondorio zuzena. Arlo horretan, funtsezkoa da Bertsolaritzea Irakaskuntzan programea, Nafarroako Bertsozale Alkarteak Nafarroako Gobernuaren eta udal zein mankomunidadeen laguntzinoagaz antolatzen dauena, eta hezkuntza arautuko herrialde osoko 2.500 ikaslerengana heltzen dana.
Bertso Eskolen bitartez, bertsogintzan sakontzeko aukerea izaten dabe gazte eta helduek, herri eta auzo mailako guneetan. Aisialdiaren esparruak, eta eremu horretan egiten diran jarduera osogarriek aberasten dabe transmisinoa.
Txapelketea, beraz, bertsoa jagon eta geroratzeko egiten dan lan horren guztiaren alderdi ikusgarriena da, eta aldi berean, aukera ederra, Nafarroako bertsogintzearen eta euskerearen aldeko lan horri bultzadea emoteko. Nafarroako bertsolariei ikusgarritasuna emonez, bertsogintzea sustatu eta gizartean ezagutarazoteko aukerea emongo dauen egitasmoa da txapelketea. Gozau eta gozarazoteko unea da txapelketea. Eta horren adibide gorena, finala.
Finala
Martiaren 23an jokatuko da 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala; 17:00etan hasiko da, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Nafarroako Bertsozale Alkarteak Iruñeko Udalaren laguntzinoa izan dau saioaren antolakuntzan, eta hori eskertu gura deutso.
Gai-jartzaileak
Alaitz Rekondo Ferrero eta Fernando Anbustegi Goñi.
Epaileak
Amaia Telletxea Larretxea; Arkaitz Goikoetxea Arriola; Jon Abril Olaetxea; Joseba Beltza Bengoetxea; Mikel Beaumont Arizaleta; Nerea Bruño Artazkoz; eta Saioa Mitxelena Irazoki.
Txapela Joxema Leitza Razkinek jarriko dau (Arbizu, 1971)
Bertsolari, gai-jartzaile, epaile, bertso irakasle eta eragile, bertsolaritzeari alderdi gehienetatik egin deutso ekarpen Joxema Leitzak. Txapela jarteko keinu horren bitartez, bertsoaren alde egindako lan handia autortu nahi deutso Nafarroako Bertsozale Alkarteak.
Euskal filologian lizentziatua, euskalgintzan jardun dau betidanik, ofizioz eta afizinoz, izan AEKn, izan Bierrik Alkartean edota Oinarriak bilgunean. Hainbatetan parte hartu izan dau Nafarroako Bertsolari Txapelketan bertsolari. Epaile eta gai-jartzaile be ibili izan da, eta danetariko txapelketa, sariketa eta saioak antolatzen be jarduten dau. Sakanako Bertso Eskolako irakasle eta bultzatzaile nabarmena be bada.
1995etik izan zan Nafarroako Bertsozale Alkarteko eragile eta irakasle, azken hori orain gitxira arte. Txapela jarteko aukerea emonez, bertsoaren alde egindako lana autortu gura deutso Nafarroako Bertsozale alkarteak: Mila esker, Joxema.
Sarrerak
18 euroko prezioa dabe sarrera arruntek, eta 13 eurokoa Bertsozale Alkarteko bazkideenak, eta 12 euro 16 urtetik beherakoen kasuan. Ondorengo bideetatik eskuratu daitekez:
www.bertsosarrerak.eus atarian, zapatu goizera arte.
Barikura arte, ondorengo puntu fisikoetan:
- Iruñea: Karrikiri dendan.
- Elizondo: Fantxike dendan.
- Lesaka: Okindegian.
- Leitza: Maimur liburudendan.
- Etxarri Aranatz: Xapatero tabernan.
- Lizarra: Olgarenea natur dendan.
Zapatuan bertan, Anaitasunako leihatiletan, 15:30etik 17:00etara.
Ohar praktikoak
Anaitasuna Kiroldegiko ateak 15:30ean edegiko ditue.
Aretoko taberna saioa hasi aurretik bakarrik edegiko da.
Areto barruan ezingo da erre.
Sarreak inprimiduta edo pantailan ekarri beharko dira, beti be irakurgailu elektronikoan barra kodea irakurteko moduan. Sarrera bakotxak bere kodea dauka eta, beraz, sarrera beragaz ezingo da persona bat baino gehiago sartu.
Leku txikian jente asko batuko da. Bertsolariek mobimentu guztiak atzemoten ditue oholtzatik; horregatik, mobidu behar izan ezkero, itxaron bertsoaldia amaitu arte.
Emergentzia kasuren bat balego, antolatzaileek emondako oharrei kasu egin beharko jake.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!