Disko 'eklektiko eta intimoa' aurkeztu dau Maite Larburuk

Dabi Piedra 2019-03-15 13:08   Musikea

Bakarkako lehenengo lana dau Hezurren azpian.

Orain dala sei bat urte euskal musikan lekua egin eban Maite Larburuk, Neighbor taldeak lehenengo diskoa atera ebanean. Amsterdamen sortutako proiektu haretan disko bi plazaratu zituan, baina oraingoan bakarka agiri jaku musikari gipuzkoarra. Herbehereetatik etxera bueltauta, barru-barrutik urten deutsan diskoa aurkeztu dau, Hezurren azpian, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen eskutik.

Distantzia da diskoa, eta Larbururen bizitzea, baldintzatu dituan kontzeptua. Etxetik urrun beti, nomada izan da luzaroan, eta disko barrian distantzia horreek txikitu nahi izan ditu. Horretarako, bere barrura begiratu dau, hazurren azpira, etxeko soinuak topetako. Galdera askoren erantzun ugari dakarz diskoak, Larbururen ustez.

Harkaitz Canok lagundu deutso kantu batzuetako berbak egiten, gehienak Larburuk berak idatzitakoak badira be. Aspaldiko lagun batek idatziko leukezen berbak dira, idazle batek idatziak, Larbururen arabera.

Berba horreei jagoken jantzia egitea izan da proiektu honetako beste zeregin nagusia. Errenazimendutik hartu dau kontzeptu hori Larburuk, berak modu xumeagoan egin badau be. Gogoan izan behar da Larburu musikaria dala ikasketaz eta lanbidez, eta biolina joten dauela, besteak beste. Halandabe, sortzeko orduan oso intuitiboa dala onartu dau.

Amaia Ocerin Loraldiko kidearen esanetan, sailkatzen gatxa da Hezurren azpian. Larburuk berak onartu dau estilo eklektiko eta intimoa landu dauela diskoan. Loraldiak be era horretako sorkuntzea bilatzen dau, proposamen ausartak, desbardinak eta barritzaileak, Ocerinen esanetan. Horregaitik erabagi dabe Larbururi babesa emotea. Hori dala eta, Loraldiaren egitarauaren barruan, kontzertua joko dau Larburuk hilaren 28an, Azkuna Zentroan.

Oraingo honetan, Neighborren taldekide izan eban Josh Cheatham ez dau alboan euki Larburuk, baina bere gitarrea erabili dau kantu batzuetan. Ganera, Cheathamegaz ikasitakoa be agiri da diskoan. Horrezaz gan, Larbururen biolin jole izakerea jasoten dau diskoak. Lehenengo aldiz pasau jat: Maite Larburu biolinistea eta Neighborreko Maite Larburu alkartu dodaz.

Diskoa sortzeko orduan, beste musikari batzuen laguntzinoa euki dau Larburuk. Izan be, tresna ugari dagoz hamaika kantuetan, Aida Torresen eta Beñat Iturriozen perkusino bitxiak tartean. Carlos Taroncherrek klarinete baxua jo dau. Zuzenekoetan be, laukote formatu horretan igongo dabe oholtzara.

Lagundu deutsien guztiek gonea jantzi dabela dino Larburuk, hau da, bere lekuan jarri eta bere ahotsetik sortu dabe. Txintxua Films etxeak egindako bideoklipean, ganera, era literalean jantzi dabe batzuek gonea. Bideoko abestiaren izenburua, hain zuzen be, Gona da. Ikusi bideoklipa hemen.

Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko Ubane Uzinen arabera, argitaratzen daben disko bakotxa eta antolatzen daben kontzertu bakotxa esperientzia bat izatea bilatzen dabe. Maite Larbururen musikan horixe topau dabe, Neighborreko parte zan sasoitik, eta horregaitik egin dabe bat beragaz. Uzinen arabera, Larburu sendabelarra kantu bihurtua da. Harkaitz Canoren esaldi bat erabili dau Larbururen estiloa azaltzeko: Esan ezti edo esan gordin, baina esan dotore.

Hezurren azpian-eko doinuak zuzenean entzuteko aukera ugari egongo dira hurrengo asteetan. Martiaren 22an Bergarako Seminarixoan joko dau, 28an Bilboko Azkuna Zentroan (Loraldiaren barruan). Apirilean, Hernanin izango da, eta maiatzean, Gasteizen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu