Txinako belaunaldia danon jomugea

Zigor Aldama 2019-03-15 10:17   Bidaide

2025ean, Z eta millennials belaunaldi txinatarrek lujoaren industriako irabazien % 46 hartuko dabe.

Helburua ez da mundu guztiari erakustea zenbat diru dodan. Akaso erropa merkeagoa erosi beharko neuke apalago agertzeko? Parkamena eskatu beharko dot batzuk amesten daben bizimodua dodalako?, hau guztia ez dino Asiako aberats barrien belaunaldiaren gorabeherak dakarzan Crazy rich asians-eko personaia batek, adierazpenok Shanghain bizi dan familia aberatseko Xia gaztearenak dira; herrialdeko unibersidaderik onenean ikasi dau eta txapela kentzeko moduko espediente akademikoa baina lan egiteko amesik ez dauka. 25 urte ditut eta inoren kontura bizi gura dot. Bihar-etzi neure negozioa zabalduko dot, beharbada bitxien diseinuan sartuko naz, hori baita nire pasinoa adierazo dau. Oraingoz bitxiak erostea gustetan jako eta dinoan legez, dirua, prezioa ez dira arazoa izango esan dau handiusterik barik. Txinan fuerdai esaten jake Xia lakoei, bigarren belaunaldiko aberatsei: grial santua lujoaren industriarako,izan be, marka horreek erakarri gura ditue holakoak.

Bain & Co. aholkularitza taldearen txostenean nabarmendutako ezaugarrietako bat baino ez da, munduko antzeko lagunen jokabideagaz konparauta. Planetan gehien aurrezten daben aurreko belaunaldiek egiten ebenagaz alderatuta, munduko bigarren indarra dan herrialdeko gazteei gastetea gustetan jake eta lujoaren sektoreak horreek danak erakarri gura ditu.

Gehienak seme-alaba bakarrak dira, euren gurasoak baino independenteagoak, inkonformistagoak eta gitxiago aurrezten dabenak. Diru faltarik ez dago eta badakie ondo bihar-etzi jaubetzak, ondasunak hartuko dituela oinordetzan. Disfrutetea da gazteen helburua eta ez errementau arte beharrean ibili adierazo dau Chiang Jeongwen-ek, Txinako Europe International Business School (CEIBS) entzutetsuko marketing irakasleak.

Ez da harritzekoa txinatar millennials-ak giltzarri izatea Txinan lujoaren industriak izan dauen hazkundean. Aitatu txostenak dakarren legez, edade tarte horretakoak dira sektoreko bezeroen % 48. Erosle amorratuak dira: lujo handiko zortzi objektu erosten ditue eta aurreko belaunaldietakoek bost. Ganera, jokerea da erosteko ahalmenaren arabera objektu gehiago erostea.

2025. urtean, Z eta millennials belaunaldi txinatarrek lujoaren industriako irabazien % 46 hartuko dabe. Datuekaz jarraituz, igaz % 20 hazi ziran sektoreko irabaziak eta McKinsey Aholkularitzearen arabera, 63.000 euro baino gehiago izan zan gastua; kopuru hori merkatu globalaren % 32 da eta Europan % 18koa. Halan da be, Txinaren zabalkunde ekonomikoak apur bat atzera egin dauen arren, Aholkularitza talde gehienek uste dabe gorako jokeran ez dala etenik izango, tartean erritmo kontua baino ez dago, salmentak suspertzeko Gobernuak iragarritako aduana-zergen murrizketeagaitik. Hori musika ederra da Shanghaiko Kotxe Azokearen bueltan dabizenantzako, berbarako, Zhu-rentzako, gizarte-maila ertaineko familia bateko hogeita hamar bat urteko gaztearentzako: diru piloa irabazi dau Interneten zuzeneko edukiak transmitiduten dituan negozioan eta, besterik barik, marka faboritoen eskaintzak ikusten joan da; ez daki Maserati bat ala Lamborghini bat erosi baina neskalagunagaz joan da eta harek probauko ei ditu erabagia hartu baino lehen.

Neskeak Shanghai Tang-eko txinatar estiloko jantzi laburra eta jadeko eskumuturrekoa daroaz, Txinako gazte batzuen artean, look neotradizionala; gizonezkoak, barriz, bakero eta kamiseta baltzak, Prada etxearen eskuko poltsea eta urrezko lepokoa. Estilo ezbardineko kotxeak dira, badakit. Baina biak ezin dodaz erosi dino barreka. Akaso, urte bi barru erosi ahal izango dodaz. Bien bitartean, neskeari Lamborghini markakoa gustau jako, arrapaladan ibilteko aproposagoa. Gizonezkoak, ostera, dororeagoa, jasoagoa gura dau eta, beraz, etxean erabagiteko asmoz alde egin dabe.

Zhu, Txinako gizonezkoaren prototipoa da, jarrera konsumistea dauena, etxureari aparteko garrantzia emoten deutsona, kosmetikoetan diru piloa gastetan dauena eta lagunentzako gauzak erosteko arazorik ez dauena. Marka karuenak zelan ez dira ibiliko persona horreek erakarri guran? Dolce & Gabbana etxeak joandako zemendian bertan behera itxitako ekitaldia (Bizkaie! atariak emon eban horren barri) azken aldiko handienetakoa eta karuena izateko pentsautakoa porrot handia izan zan. Zemendian Breitling erloju marka suitzarrak Txinako merkatuan sartuko zala iragarri eban Pekineko Phoenix Center erraldoian; han izan ziran mundu osoko ordezkariak, baita zinemearen munduko Brad Pitt aktorea be.

Tommy Hilfiger markea be gogor dabil Txinan sartu guran; pasa dan irailean shanghaiko skyline ikonikoan pasabide ikusgarria jarri eban; negozioa ikaragarri hazten dago merkatu horretan. Millennial bezeroek modea eta marka amerikarrak maite ditue adierazo dau Hilfiger diseinatzaileak. Martian, Dior etxeak dsfilea eta upealako jaia eskani zituan, estilo surrealistea zan nagusi eta bezeroak, jente ezaguna eta KOL jentea (key opinion leaders: eretxi-emoile ereduak) ahaztu barik; azken horreek nahitaezko sentiduten dira: sarritan ez datoz bat kontratua egin deutsen markeagaz baina sare sozialak erabilten oso abilak dira eta milaka jarraitzaile ditue eta mendebaldeko influencersen baino engagement handiagoa. Dior etxeak Txinan darabilen estrategia sano positiboa da, izan be, RTG Aholkularitza Taldeak egindako txostenak dakarrenez, Z belaunaldiko jenteak gehien maite dauen markea da; arazoa da millennials-en gustoak goitik behera aldatu dirala; konsumitzaile globalen parean dagoz, streetwear markak eta nortasunagaz bat datorren norberaren estiloa baloretan ditue, urrezko erraldoiak bazterrean itxita.

Erronkea handia da eta aukerak zabalago ditue orain denda txikiek adierazo dau Chiang-ek. Txinako diseinatzaile gazteak ez dira euren jatorriaz eta lanaz lotsatzen eta, ganera, horreek nabarmentzen ditue erosleak erakarteko. Sare sozialen indarra eta aberriaren parte sentiduteko jarrerea oso eragingarriak dira eta, horren erakusgarri, txinatar bezeroek lekuan lekuko markak gurago ditue mendebaldeko lujo handiko markak baino. Txinako millennials-ek munduan diranen antz handiagoa daben arren, Asiako erraldoiaren kulturea indarra hartzen dago. Begi luzezkak dituen bezero guztiak ez dira bat eta, ganera, gortesauaren maitasunagaz be ez deusku begituten.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu