Euskal albumik onenaren MIN Saria Ruper Ordorikarentzat

Bizkaie! 2019-03-14 11:57   Musikea

Madrilen banatu ditue sariak.

Ruper Ordorika, MIN Saria eskuetan dauela (argazkia: Javier García/Etxepare) | Ikusi handiago | Argazki originala

Espainiako musika independentearen MIN Sarietan euskereak badauka lekua, Etxepare Euskal Institutuak bultzatutako euskerazko albumik onenaren kategorian. Aurtengo edizinoan Ruper Ordorika bakarlari oñatiarrak irabazi dau saria, Bakarka diskoagaitik. Beste finalistak honeek izan dira: Gatibu, Broken Brothers Brass Band, Revolta Permanent eta Izaki Gardenak.

40 urteko ibilbide luzeko hamabi kanta berreskuratu ditu Bakarka diskorako Ruper Ordorikak, eta hurrenkera kronologiko barik aurkeztu deutsaz gaur egungo publikoari. Gitarrea eta ahotsa baino ez ditu erabili. Horrek sortzen dauen atmosfera intimistea nabarmendu dabe antolatzaileek. Madrilen egindako galan, Izaro Andres abeslari mallabiarrak emon deutso MIN Saria Ordorikari.

Euskerazko albumeko kategoriatik kanpo be, euskal taldeek izendapenak euki ditue aurtengo MIN Sarietan, esate baterako Atom Rhumbak eta Belakok. Esku hutsik bueltau dira, baina. Izan be, edizino honetako protagonista nagusia Morgan talde madrildarra izan da: Rock Albumik Onena, Zuzeneko Onena, Produkzino Onena, Artista Onena eta Album Onena kategorietan irabazi dau.

MIN Sariak Unión Fonográfica Independiente (UFI) erakundeak antolatzen ditu 2009tik, sorkuntza artistikoari, kultura aniztasunari, talentuari eta lan musikal independenteei ikusgaitasuna emoteko. Euskerazko Albumik Onenaren Saria 2014tik emoten dau Etxeparek. Ruper Ordorikaren aurretik, Berri Txarrak, Jabier Muguruza, Niña Coyote eta Chico Tornado, eta Delorean saritu ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu