Etorkizunera begira jarriko da ABAO/OLBE LXVIII. denporaldian

Bizkaie! 2019-03-14 10:37   Musikea

Bost obra dagoz egitarau nagusian.

Denporaldi barria aurkezteko ekitaldia (argazkia: ABAO/OLBE) | Ikusi handiago | Argazki originala

2028an beteko dauen 75. urteurrenari begira, irudia eta helburuak barrituta helduko da ABAO/OLBE alkartea LXVIII. denporaldira. Ziklo barri honetan, programazino kulturala indartu eta Bilboko opera eskaintzea nazinoartera gehiago zabaldu nahi dabe erakundeko arduradunek. ABAO Bilbao Opera lelopean, logotipo garaikideagoa diseinau dabe.

Urriaren 19an hasiko da sasoia, eta 2020ko maiatzean amaitu. Gaetano Donizetti konpositore italiarraren maisulan bik hasi eta amaituko dabe denporaldia: Urrian Lucia di Lammermoor eta datorren urteko maiatzean Anna Bolena. Beste hiru operak Verdiren Jerusalem, Pucciniren La fanciula del West eta Wagnerren Der fliegende Holländer izango dira.

Goi mailako artistek beteko ditue rol nagusiak. Besteak beste, Jessica Pratt, Ismael Jordi, Juan Jesús Rodríguez, Bryn Terfel, Irene Theorin, Rocío Ignacio, Angela Meade, Celso Albelo, Silvia Tro eta Roberto Tagliavini egongo dira Euskalduna Jauregiko oholtzan.

Aurreko denporaldietan legez, egitarau nagusiko bost operez ganera, programa osogarriak antolatuko ditue. ABAO Txikin, esate baterako, umeentzat egokitutako lau obra dagoz. Bestetik, aretoko opera bat ikusi ahal izango da BBK Salan, eta Rossiniren lanetan oinarritutako kontzertu bi be iragarri ditue. Programazino guzti-guztia aintzat hartuta, 47 emonaldi eta ia 74.000 ikusle aurreikusi ditue OLBEko kideek.

ABAO/OLBEk era guztietako publikoa erakarri gura dau operara, eta horretarako 34 abono klase ditue zaleek aukeran. Gazteentzako sarrera merkeagoak ateratzen ditue emonaldi guztietan. Ganera, azken orduko edo entsegu orokorreko sarrerak ohikoak baino askoz merkeagoak izaten dira sarritan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu