Birea eta diskoa dakarz La Polla Recordsek

Bizkaie! 2019-03-14 08:53   Musikea

Dozena bat kontzertu joko ditue, uda ostean hasita.

Argazkia: La Polla Records | Ikusi handiago | Argazki originala

Bolo-bolo ebilen zurrumurrua egia dala esateko, La Polla Records taldeko kideek agerraldia egin dabe Madrilen. Hantxe baieztau dabe oholtzara bueltauko dirala, 16 urteko etenaldia atzean itxita, eta disko barriaren eta kontzertu birearen inguruko azalpenak emon ditue. Zuzenekoetarako, irailera arte itxaron beharko dabe zaleek, baina diskoa maiatzean bertan egongo da salgai.

Ni descanso, ni paz! izenburua izango dau La Polla Recordsen disko barriak. Taldearen lehenengo hiru diskoetako abestien bersino birgrabaduak izango dira lanaren oinarria, baina Evaristok egindako pieza barri bat be egongo da, Ni descanso, ni paz! izenburukoa hori be. Haritz Harreguy da diskoaren produktorea.

2003an etenaldiaren osteko azken kontzertuak emon zituan boskoteak hartuko dau parte La Pollaren aldi barri honetan be: Evaristo, Sumé, Abel, Txiki eta Tripi dira kideak.

Bestetik, irailean birea hasiko dau boskoteak, baina Euskal Herrian behin baino ez dabe joko. Barakaldoko BEC erakustazokan izango da emonaldia, urriaren 19an, El Drogas alboan dabela. Valentzian (irailak 21), Madrilen (urriak 12) eta Bartzelonan (urriak 26) izango dira beste hitzorduak 2019an. 2020an Latinoamerikan joko ditue beste zortzi kontzertu.

Hitzordu gitxi izango dira, baina uriren baten sarrerak bizkor agortu ezkero, ez dabe baztertu han beste kontzertu bat jotea. Martiaren 20an hasiko dira sarrerak saltzen, La Pollaren webgunean. Taldearen 40. urteurrena ospatzeko birea izango da, 1979an hasi ziran eta.

Ni descanso, ni paz! singlearen aurrerapen bideoa ikusi hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu