Suhiltzaileen Eguna be bada martiaren 8a
2019-03-08 09:50 KultureaBilbokoek kamioi zaharrak aterako ditue kalera, eta Bizkaikoak Gurutzetako ospitalera joan dira.
Martiaren 8a, San Joan Jainkoarena eguna, suhiltzaileen jagolearen eguna da. Hortaz, lanbide horretan dabizanek hainbat jarduera egingo ditue, euren egunerokoa gizarteratzeko. Esate baterako, Bizkaiko Foru Aldundiaren suhiltzaileek, Bizkai osoko larrialdietan esku hartzen dabenek, Gurutzetako ospitalera joateko tartea hartu eben hilaren 7an, euren jagolearen egunaren bezperan.
Bilboko Udaleko suhiltzaileek, ostera, martiaren 8an bertan egitarau potoloa antolatu dabe. Lehenik eta behin, goizeko 11:00etan, ibilgailuen iladea egingo dabe, Miribillatik urten eta uriko kaleetatik. Gaur egungo ibilgailu modernoak eta antxina erabilten ziran kamioiak aterako ditue ekitaldi horretan. America Lafrance eta Magirus Deutz ponpa-auto zaharrak ikusteko aukera bakarrenetakoa izango da.
Eguneko ekitaldi nagusian, azken urtean erretiroa hartu daben suhiltzaileei omenaldia egingo deutsie. Miribillako Suhiltzaileen Parkean izango dan ekitaldi horretan, 16 laguni emongo deutsie oroigarri bana, euren ibilbide profesionala besteei laguntzen beteteagaitik. Idurri suhiltzailea gogoan izango dabe, oraintsu hil da eta.
Suhiltzaileentzako eta euren familientzako bazkariaren ostean, XII. Mus Txapelketea egingo dabe. Eskuzabaltasunerako tartea be hartuko dabe, Santa Agedako koruak batutako dirua Aspanovas alkarteari emongo deutsie eta. Martiaren 8ko ekitaldi guztiak Bilboko Suhiltzaileen Kirol eta Kultur Alkarteak antolatu ditu.
1884ko urtarrilaren 17an sortu eben gaur egungo Bilboko Suhiltzaileen Zerbitzua, baina lehendik be egon ziran antzeko erakundeak, 1708tik hain zuzen. 1832an Suteen Aurkako Batzordea sortu eben, Uriko korrejidorea, Udalak izentautako errejidore bi eta Mutua Aseguruen Jaubeen Batzar Nagusiak aukeratutako beste bi ordezkari ziran kideak. 1858an San Jose Suhiltzaileen Alkartea eratu eben, eta hazi horretatik sortu zan oraingo Bilboko Suhiltzaileen Zerbitzua.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!