Emakume eta behargin: herriko emakumeen ahotsak plazara

Bizkaie! 2019-03-08 08:54   Pil-pilean

Eibartarren Ahotan ahozko bildumak emakumeek bizi izandakoaren testigantzak jasoten ditu.

Adela Telleria, Aurrera-ko bulegoan (1948). Argazkia: Antonio Sarasua Gisasola bildumea. | Ikusi handiago | Argazki originala

Emakume eta behargin horreetako bat da Adela Telleria, 94 urte ditu, behar asko egindakoa eta asko ikusitakoa. Eibartarren Ahotan proiektuan jaso dabe haren lekukotasuna, beste hainbat emakumerenagaz batera.

Gerra zibila hasi ordurako, Irunen bizi zan, aitak Hendaian topau ebalako lana. Handik Behobiara joan ziran biziten. Baionan egin zituan goi-mailako Merkataritza ikasketak. Gerran, Eibarren eben guztia galdu eta aita Burgoseko kartzelara eroan eben; anaia Kordobako kontzentrazino-esparruan, ama Valentzian eta bera Frantzian.

Eibarrera bueltau eta lanera joan behar izan eban; hogei duro (70 zentimo inguru) irabazi zituan bere lehenengo soldateagaz. 1941-1946 bitartean, Aramberri Hermanos lantegian jardun zeban; gero Aurrera-n sartu zan harik eta galdategia Legutiora eroan eben arte. Adelak dinosku sasoi haretan galdategian hamar emakume inguru ebizala lanean.


Adela Telleria

Astelehenetik zapatura egiten eben lan garai haretan. Soldata ona izan eban eta konforme ibili zan lanean. Halan da be, dino, gizonek, gizonezko izateagaitik, zeozertxu gehiago irabazten ebela. Sasoi haretan ezohikoa izan arren, ezkondu ostean ez eutson lan egiteari itxi gura izan. Ordainsaria be emoten ei eutsien emakumeei lana ixteagaitik, baina Adelak argi eukan lanean jarraitu gura zuela.

Adela lako emakume behargin asko izan dira Eibarren, etxean, baserrian, bulegoan edo kalean lan egin daben emakume saiatuak: Margarita Murgizu, Nieves Acha, Petra Aguirregomezcorta, Rosario Alcerreca, Marina Basterra, Plácida Carmona, Maria Ángeles Cortabarria, Euxebi Gisasola, Ofelia de los Toyos, Mari Tere Gantxegi, María García, Asun Anguera, Juana Arrieta, Amaya Arriola, Jesusa Astigarraga, Aurora Bascaran, Garbiñe Gisasola, Maria Paz Guisasola, Tomasa Idarraga, Jaione Iraeta, Maria Jose Irusta, Asunción Larraza, Leonor Larrañaga, Rosa Larrea, Luciana Larreategui, Kontxa Laspiur, Faustina Lopez, Ángela Lorenzo, Juana Josefa Loyola, Concepción Martínez, Nieves Marzana, Luisa Aguirre, Maria Luisa Maitre-Jean, Aurea Mendizabal, Felisa Pascual, Josefina Prieto, Antonia Salaverria, Mari Carmen Sarasua, Adela Telleria, Mercedes Telleria, Dolores Tolosa, Adelina Unanue, Lorea Lasa, Juana Unzueta, Nicolasa Urtiara, Begoña Zaldibar, Juana Zugasti...

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu