Madeleine Peyroux eta Andrea Motis, 43. Getxoko Jazzaldian

Bizkaie! 2019-03-08 08:05   Musikea

Muxikebarri zentro barrian izango dira ordainpeko kontzertuak aurten.

Madeleine Peyroux eta Andrea Motis | Ikusi handiago | Argazki originala

Getxoko Nazinoarteko Jazzaldia garagarrilaren 3tik 7ra egingo dabe aurten, eta dagoeneko hasi gara bertan izango diran artisten izenak jakiten. Ordainpeko kontzertu nagusietan, Madeleine Peyroux amerikarra eta Andrea Motis katalana egongo dira oholtzan. Muxikebarri Arte, Kultura eta Berbaldien Zentro barrian izango dira emonaldi biak, izan be, Getxoko jaialdiak gune hori estreinauko dau 43. edizino honetan.

Madeleine Peyroux abeslariaren ahotsa azken hamarkadetako nabarmenenetako bat da jazzaren munduan, batzuek Billie Holydayrenagaz konparau dabe. Estadu Batuetan jaio arren, beste hainbat lekutan be bizi izan zan gaztetan. Parisen hasi zan abesten, eta Europa guztitik ibili zan Lost Wandering Blues & Jazz Band taldeagaz. 1996an kaleratu eban lehenengo diskoa. Azkena, igaz, Anthem izan zan.

Andrea Motis, ostera, Bartzelonan jaio zan, eta jazzaren talentu gazteenetako bat da. Tronpetea eta saxofoia joten ditu, besteak beste. Hainbat talde eta proiektutan makina bat disko plazaratu ditu. Bakarkako lehenengo lana, baina, oraintsu argitaratu dau, Emotional Dance izenburupean. Kritikari zein zaleek txalotu dabe Motisen diskoa.

Motisek garagarrilaren 3an joko dau Muxikebarrin; Peyrouxek, barriz, hil horren 6an. Sarrerak erosteko epea maiatzaren 2an zabalduko dau Getxoko Udaleko Kultura Sailak.

Beste alde batetik, Getxoko 43. Jazzaldian talde lehiaketea be egongo da, aurreko urteetan legez. Antolatzaileen arabera, aurtengo edizinoko lehenengo fasean 16 herrialdetako 66 taldek hartu dabe parte, eta finalean egongo diran lau taldeak aukeratu ditue dagoeneko: Poloniako Szymonklekowicki Sextet; Claudio Jr. de la Rosa laukote holandarra; Espainiako Marc Martin Trio; eta José Ángel Llorente 5et, hau be espainiarra. Jazzaldiaren egunetan joko dabe, garagarrilaren 3tik 6ra, eta irabazleari 4.300 euro emongo deutsiez. 

Gasteizen, Porter eta Carter

Gasteizko Jazzaldia be hasi da 2019ko edizinoaren barri emoten. Antolatzaileek azaldu dabe orain arte ibili bako bideak arakatu nahi dituela aurrerantzean. Arabako uriburuan sekula jo ez daben artistak ekartearen alde egin dabe, azken baieztapenek erakusten dabenez.

Gregory Porter da horreetako bat. Donostiako Jazzaldian sarri egon dan arren, lehenengo aldia izango dau Gasteizkoan. Nat King Coleren errepertorioan oinarritutako emonaldia egingo dau kantari kaliforniarrak, garagarrilaren 18an, Mendizorrotzan.

Regina Carter biolin jole amerikarra be Mendizorrotzan izango da aurten. Jazz munduko artista ezagunetako askogaz ibilitakoa da Carter, eta azkenengo diskoan (2017ko Ella: Accentuate the Positive) Ella Fitzgeralden doinuak berraztertu zituan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu