Onekak bat egin dau M8ko plantoagaz

Bizkaie! 2019-03-07 13:42   Pil-pilean

Informazino gehiago hemen.

Onekaren helburuen artean, emakume helduon eta pensioniston egoerea hobetzea eta duintzea dago. Emakume heldu eta pensionistok desbardintasun eta diskriminazino itzela sufriduten dogu. Horregaitik, M8an kalean izango gara, ganerako emakumeakaz batera, gure bizitzako eremu guztietan bardintasuna aldarrikatuz, batez be pensinoetan. Emakume pensionistok baikara erretiro pensino gitxien jasoten dogunok eta pensino bajuenak jasoten ditugunok be (batez be alarguntasunen pensinoak). Horregaitik guztiagaitik kalera!!!

Emakume pensiodunon egoerea, diskriminazino egoera estrukturalean dago oinarrituta; emakumeok behartuta gagoz bizitzaren sustengua bermatzen, hauxe baita sistema kapitalista hetero patriarkalaren ezinbesteko parte bat, nahiz eta autortua ez egon. Erreprodukzino eta zaintza lan ezkutatu horrek enplegua aukera eta eskubide bardintasunean eskuratzea baldintzatzen dau eta, beraz, baita pensinoak be.

Behin eta berriro salatu izan dogu emakumeok lan merkatura sartu izanak ez dauela beragaz batera ekarri ez lan baldintzak bardintzerik, ezta zaintza edo jagote arduretan erantzunkidetasunik be. Soldata arrakala horren iraupenak erakusten dau bardintasun alorrean egiten diran politika publiko eta enpresarialak porrota izan dirala. Soldata mailako bidebakokeria horrek, emakumeon egungo bizi baldintzei eta beren independentzia ekonomikoari kalte handia ekarteaz gan, pensinoen zenbatekoan be eragin negatibo handia dauka eta pensinoetan arrakala handiagoa sortzen dau soldatetan baino.

Horregaitik guztiagaitik, M8an kalera urtengo dogu beste batzuen artean, hurrengoak aldarrikatzeko: 1.080 euroko gitxieneko pensinoa, lan denporea gitxitzeko eta banatzeko politikak, bizi laboral eta sozialaren arteko kontziliazino eta erantzunkidetasun efektiborako politika feministak, genero ikuspegiaz egindako enplegu politikak eta etxeko langileen Gizarte Segurantzaren erregimena bere osotasunean erregimen orokorragaz bardindu daitela.


Oneka, emakume* pensinodunen plataformea

Hego Euskal Herriko emakume pensiodunok, hainbat talde, plataforma eta asanbladetako partaide izanik, ondokoa adierazo nahi dogu: Gizarte orekatua, justua, bidezkoa, etorkizuneko ikuspegia dauena, eregi gura badogu, argidago gaurko egoerearen ezagupen zehatzenetik abiatu behar dogula. Hori dala eta, Hego Euskal Herriko adineko emakume eta pensiodun garen neurrin, gure egoerearen ezaugarriak gizarteratu nahi ditugu.

Gutariko askok, genero eta edadea tarteko, hainbat bazterketa jasan behar izaten dogu. Egoera horren salaketea, kalera eta agenda politikoetara eroan gura dogu.

Pensinoetaz bagabiz, danok dakigu, gizonek jasoten dabena baino askoz bajuagoa dala gurea eta horrek sortzen dituan arrakalak, izugarrizko ondorioak dakarzala gure egunerokotasunean eta etorkizunari begira, gutariko asko pobrezian bizi garelarik.

Gure arteko askok, bizitza osoan egindako lana, kotizazinorik bako lana izan arren, eskubiderik bakoa izan da; holan ibili gara azpi-lanetan, garbitzaile, jagote eta zerbitzu lanetan, baserrietan eta arrantzeagaz zerikusia izan daben beharretan, gehienetan, dirurik jaso barik. Etxeko lanaz eta bertan bizi ginanon ardurearen erantzule izan gara beti eta hori guztia, doban. Neurri handi batean, guri esker, gizarteak aurrera egin dau. Milaka emakume gara, onartu bako aberastasuna sortu dogunak, dirurik jaso barik lan egin dogunak, kotizau ezinik bizi izan garenak eta horren ondorioz, gure zahartzaroan, eskubide barik gagozanak.

Sututa gagoz, emakumeen kontrako indarkeriaren larritasuna ikusirik, baina badago beste bazterketa mueta asko, agertzen ez dana eta milaka emakumek egunero jasan behar dabena, bere bakardadetik, bere prekariedadean, gizartearen onespenik barik, ikusezinak bihurtzen gaituelarik.

Kontuak kontu, bidebakokeria sozial honen aurrean Hego Euskal Herriko Emakume Pensinodun garen neurrian, gure artean antolatzeko beharra ikusi dogu, emakume nagusi eta pensinodun lez ditugun beharrei, bidezko erantzuna emon ahal izateko; gizartearen eta Instituzinoen aurrean gu geu bozeroaile izan gaitezen.

Holan sortu dogu ONEKA, Euskal Herriko Emakume Pensionistak Alkartea. Gure asmoa da herri honetako emakume pensionistak batu eta emakume guztientzako, Europako Gutun Sozialaren erispideak jarraituz, pensino duina lortzea.

Gure Lan-esparrua, Euskal Herria izango da, izan be, gure ustez, hori da aldarrikapen nagusiak lortzeko gunerik egokiena, beraz bertako erakundeak dira horren erantzukizuna dabenak. Babes eta Seguridade Sozialeko sistemea kudeatu eta bideratuko dauen Organo bat sortu eta defendiduko dogu. Hor jasoko dira emakume pensinodunen eskubide subjetiboa osotzen dauen 1080€ko pensino duina, gaur egun kaleetan defendiduten gagozana.

Bide batez, emakume nagusiek bizitza autonomoa izan deien eta indarkeria bako zahartzaroa biziteko aukera lortu deien, neurri sozial eta politikoak aldarrikatu eta defendiduko ditugu.

Gure konpromisoa da, Euskal Herriko Pensinodunen beste Plataformakaz alkarlana, izan be, persona nagusien eta pensinodunen mobimentuak indartu eta zabalduko ditugulakoan.

Emakume nagusi eta pensinodunen talde barri hau abian jarterakoan egiten dogun pausuagaz, Euskal Herriko Emakume Feministen Mobimentuagaz bat egin nahi dogu eta bide batez agurtu eta zoriondu, izan be, urte honeetan egin daben lana, upealakoa izan da, nabarmentzekoa, joan dan martiaren 8an emondako urratsa.

Euren esanetara gagoz alkarlana bideratzeko orain eta etorkizuneko erronketan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu