'Zabaldu ateak' diskoa kaleratu dau Urtzek

Dabi Piedra 2019-03-07 13:19   Musikea

Taldean aldaketak egon diran arren, betiko izaereari eutsi deutsie.

Bilbon aurkeztu dau Urtzek disko barria | Ikusi handiago | Argazki originala

Xabier Camarero, Urtz taldeko abeslari eta arimeak, zalantzazko momentua izan eban, sortutako abesti barriak disko baten plazaratu ala armairuan betiko gordeta itxi. Urtz asko aldatu da 1988an joten hasi zanetik, etenak be izan ditu, eta zer egin ez ekiala geratu zan Camarero. Autortu dauenez, hiru taldekideen animo eta bultzadeari esker erabagi dau diskoa ateratzea. Ilusinoa berreskuratuta, kantu barriak zuzenean joteko gogoz dagoz Urtzekoak.

Ander Hurtado de Saratxo, Dani Vicente eta Jorge Sánchez dira gaur egungo kideak, Camarerogaz batera. Ia sei urte pasau dira aurreko diskoa, Astiro, plazaratu ebenetik, baina Urtzen betiko estiloa gorde dabe Zabaldu ateak lan barrian. Gaur eguneko jokeretara egokitzeko, barritasun batzuk sartu ditue, baina zuztarrei eutsiz.

Estilo jakin baten mugetan sartzea ez dabela gustuko adierazo dau Xabier Camarerok, baina rocka dala oinarria garbi dago. Disko guztietan legez, balada bat be sartu dabe, Argia. Maitasuna da abestien atzean beti agertzen dan kontzeptua, kantu bakotxean modu batera agertu daben arren. Ganera, bestelako gaiak be landu ditue, adibidez, errefuxiatuei Europako erakundeek emoten deutsien tratu eskasa. Bizitzeari buruzkoak dira kantuak, danok daukaguz esperientziak, momentu zoriontsuagoak eta tristeagoak... diskoan be gorabehera horreek dagoz, azaldu dau Camarerok.

Berbak Camarerorenak berarenak dira, eta Iñaki Lazkanok lagundu deutso horreetako batzuk biribiltzen. Guztira, hamar pieza dakarz Zabaldu ateak diskoak, gehienbat euskeraz, baina gaztelaniazko zati batzuk be sartu ditue. Kolaborazinoei jagokenez, Pello Ramirezek txeloa jo dau Argia baladan, eta Alex Sarduik Aurpegi hau abestian hartu dau parte.

Hainbat fasetan grabau dabe diskoa. Perkusinoak Lorentzo Records estudioan grabau zituen, gitarrea, ostera, Dani Vicente taldekidearenean. Ondoren, Iñigo Etxebarrietaren laguntzinoagaz egin ditue nahasketak, Muxikon estudioan. Urtz zuzenean ikusteko lehenengo aukerea martiaren 22an izango da, Bilborock aretoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu