'Itsasotik itsasora, zirkuko Pirinioak' programako kideak Bilbon batzartu dira

Bizkaie! 2019-03-07 11:55   Kulturea

Mugaz gaindiko lankidetza-ekimen hau zirkuko arteei buruzkoa da.

Orain hiru urte eta erdi Itsasotik itsasora, zirkuko Pirinioak ekimena abian jarri zan. Mugaz gaindiko lankidetza-ekimen hau zirkuko arteei buruzkoa da, eta hasiera-hasieratik Bilboko Udala dau partaide.

Zirkuko artistei lagun egiteko proiektu europarra atzo batu zan urian, mugaz gaindiko zirkuko proiektu barriaren oinarriak ezartzeko asmoz. Proiektua POCTEFA programan aurkeztuko da, barriro be Europaren finantziazinoa eskuratzeko asmoz. Lana hilaren amaieran amaituko da, taldearen hurrengo batzarrean, hilaren 26an eta 27an, Frantziako Ax-les-Thermes herrian.

Batzarra bart egin eben udalaren eraikin nagusian, eta proiektuko bazkideetako seik parte hartu eben: Euskal Urigune Alkargoa (Ipar Euskal Herria), La Grainerie, zirkuko arteen fabrikea (Frantziako Tolosa), Occitanie en Scène (Montpellier), Central del Circ (Bartzelona), Le Lido zirku-eskolea (Frantziako Tolosa) eta Xarxa Transversal (Kataluniako urien partzuergoa). Bilboko Kultura Saileko arduradunak be han izan ziran. Lan-saioan, Juan Mari Aburto alkatea etorri zan, ondo etorria emoten. Topaketa hau baino lehen, beste lan-batzar bi egin zituen Toulousen, eta Bilboko Udalak be parte hartu eban.

Itsasotik itsasora – Zirkuko Pirinioak mugaz gaindiko lankidetza-proiektua da. 1.990.390 euroko aurrekontua dauena eta Europako Batasunak finantzietan dau (% 65), zehatz, FEDER Eskualde Garapenerako Europar Funtsaren bidez eta Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaeren bidez (POCTEFA 2014-2020).

Alkarteen artean badagoz eskolak (Escola de Circ Rogelio Rivel eta Le Lido, besteak beste), unibersidadeak (Tolosako Jean Jaurés), ensaioak eta sortzeko leku eta fabrikak (adibidez, La Grainerie, Central del Circ edo Hameka), hedapenerako espazioak, eta alor publikoko erakundeak, berbarako Bilboko Udala, urtero Bilboko Kalealdia kaleko arteen nazinoarteko jaialdia eta Zirkualde zirku-jaialdia antolatzen dituana. Ekimen honetako bazkide dan aldetik, Bilboko Udalak prestakuntzarako laguntza eta birak egiteko aukerak eskaini deutsee denpora honetan bertoko konpainiei, eta nabarmen indartu dau zirkuko programazinoa Zirkukalden (Errekaldeko zirku-jaialdia) eta Bilboko Kalealdian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu