Bardintasunaren aldeko aldarria Zirgari Sarietan

Bizkaie! 2019-03-07 09:09   Pil-pilean

Pilar Pérez-Fuentes, Tartekari Sarea, Athleticeko emakumeak, Patri Espinar eta IZAR izan dira saridunak.

Saritu guztien argazkia (BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Martiaren 8ko astea aukeratu dabe Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k 2019ko Zirgari Sariak banatzeko. Izan be, emakume eta gizonen arteko bardintasunaren aldeko lanean banarmendu diran norbanako eta erakundeak nabarmentzen ditue sari horren bidez. Aurtengo irabazleak Pilar Pérez-Fuentes, Tartekari Sarea, Athleticeko emakumeak, Patri Espinar eta IZAR izan dira, eta horreen guztien ordezkariak batu dira Bilboko BBK Salan, 400 lagunen aurrean, egindako ekitaldian.

Ekitaldian, gure gizartean emakumeen eskubideen inguruan zabaltzen dabilen ikuspegi barria gogoan izan dabe. Horregaitik, betaurreko moreak banatu deutsiez bertaratu diran guztiei. Baina Teresa Laespada Foru Aldundiko Bardintasuna Sustatzeko diputaduak adierazo dau, beste leku batzuetako emakumeak be ezin dirala ahaztu: Eurak dira galtzaile handienak gerretan, gatazketan eta hondamendi naturaletan. Begirada berezia eskaini behar deutsegu gure lagunak diran Hegoaldeko emakumeei.

Laespadak ganeratu dauenez, kolore bioletaz tindautako erakundeak behar dira. Bardintasuna bazter guztietara zabaldu behar da: pankarten ostean kalean, alkarte-sarean, enpresetan, eta batez be parlamentu eta gobernuetan. Bardintasuna ez dala aukera bat, duintasunean eta justizia sozialean oinarritutako balioa baino, nabarmendu dau.

BBK-ko Nora Sarasolak, bestetik, euren erakundean bardintasunaren eta emakumeen eskubideen alde egiten daben lana azaldu dau. Batez be, nerabeei begirako proiektuak nabarmendu ditu Sarasolak: Emakumeak dira genero-indarkeriaren biktima nagusiak eta oso gazterik jasan leikie kaltea, horregaitik neskatilak ahalduntzeko hezkuntza-programea atondu dogu, eta aldi berean, mutikoak be hezteko modukoa.

Hona hemen saridunen merituen inguruan antolatzaileek emondako azalpen gehiago:

- Pilar Pérez-Fuentes, Ohorezko Zirgari Saria: Konpromiso feministea eta feminismoaren teoria kritikoa Historia arloan apliketan aitzindari izan da, baita 1970eko hamarkadatik emakumeen eskubideen eta bardintasunaren alde egin dauen aktibistea be. Emakumeen historia eta generoa bultzatzen lehenengoetakoa, eta erreferente akademikoa.

- Emakume boluntarioen Tartekari Sarea: Emakume boluntariook Bizkai osoan indarkeria matxistearen kontra egiten dabe lan. Arlo askotako 38 elkartetako 70 emakume baino gehiagok  indarkeriaren kontrako prebentzinoan, sensibilizazinoan eta biktimen laguntzinoan jarduten dabe. Emakumeen arteko ahiztatasunaren bultzatzaile be badira.

- Patri Espinar: Esku-pilotan, paletan, futbolean, mendian, piraguismoan… trebetasuna agertu dau, oztopoak oztopo. Kirol maskulinizaduetan aurrera egin dau, amore emon barik.

- Athletic Club: Emakumeen taldea gizartearen erreferente bihurtu da. Mundu guztian eragin ikaragarria dauen kirol batean, futbolean, dira erreferente, normalean gizonenak izan diran espazioak aldarrikatuz. Horri esker, San Mames ia goraino bete eben oraintsu.

- IZAR Cutting Tools: Emakume askorik ez dago sektore industrialean, baina Zornotzako lantegiak bardintasunaren aldeko konpromisoa hartu, eta hainbat emakume behargin ditu. Lana eta bizitzea buztartzeko aukerak emoten ditue eta soldata bereizkeriarik ez dago gizon eta emakumeen artean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu