UPV/EHUk bost emakume omendu ditu

Bizkaie! 2019-03-07 08:04   Kulturea

Nekane Balluerka errektorea izan zan UPV/EHU zuzentzeko aukeratutako lehenengo emakumea.

Euskal Herriko Unibersidadeak honako emakume honeen lan akademikoa eta ikerketa-lana autortu ditu, Emakumeen Nazinoarteko Egunaren harira: Maribel Arriortua Markaida, Adela Asua Batarrita, Inma Hernáez Rioja, Lourdes Oñederra Olaizola eta Begoña Ochoa Olascoaga. Emakume horreek guztiak eredugarriak dira unibersidadean eta gizartean.

UPV/EHUk martiaren 8an, Emakumeen Nazinoarteko Egunaren harian egindako ekitaldi instituzionalaren barruan egin da omenaldia, Bardintasunerako Zuzendaritzeak antolatuta. Bertan izan dira Nekane Balluerka, UPV/EHUko errektorea, eta Idoia Fernández Fernández, Barrikuntzearen, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzearen arloko errektoreordea. Uxue Alberdi, Oihana Iguaran, Alaia Martín eta Jone Uria bertsolariek edegi dabe omenaldia, Ez da kasualitatea bertso-saioagaz.

Jarraian, unibersidadeak honako akademikoei egin deuts omenaldia: Adela Asua Batarrita, Maribel Arriortua Markaida, Lourdes Oñederrra Olaizola, Begoña Ochoa Olascoaga eta Inma Hernáez Rioja. UPV/EHUko emakume horreek irakaskuntzearen, ikerketearen eta zabalkundearen arloan izandako ibilbideagaitik nabarmendu eta eredugarriak dira euren jakintza-arloetan:

• Gizarte eta Lege Zientziak: Adela Asua Batarrita, Zigor Zuzenbideko katedraduna.

• Zientziak: Maribel Arriortua Markaida, Kristalografiako eta Mineralogiako katedraduna.

• Arteak eta Giza Zientziak: Lourdes Oñederra Olaizola, Euskal Filologiako katedraduna.

• Osasun Zientziak: Begoña Ochoa Olascoaga, Fisiologiako katedraduna.

• Injinerutzea eta Arkitekturea: Inma Hernáez Rioja, Seinalearen Teoriaren eta Komunikazinoen Injinerutzako katedraduna.

Nekane Balluerka errektoreak be berba egin dau, bera izan baitzan unibersidade-erkidegoan UPV/EHU zuzentzeko aukeratutako lehenengo emakumea. Balluerkak azpimarratu dauenez, emakumea eremu publikotik kanpo bizi izan da, politika, ekonomia eta ezagutza eremuetatik kanpo. Egun, gizarte modernoetan, emakumea ez dago horreetatik kanpo, baina egon badira harentzat desabantaila erlatiboak diranak. Batzuetan, inguruabar txikiak dira, familiarrak edo personalak, bizitza baten orientazinoan eragin leikienak. Beraz, arretea eskaini behar jako persona batzuei anekdotikoa begitantzen jaken horri, emakume baten etorkizuna modu erabagigarrian markau leikelako.


Bardintasunerako Zuzendaritzearen sariak

Ekitaldiaren amaieran, Bardintasunerako Zuzendaritzearen sariak emon ditue. Arte Eder Fakultadeak eta Bardintasunerako Zuzendaritzeak iragarritako lehiaketearen irabazle izandako Maite Leyún Orricok egindako tailu bat jaso dabe emakume sarituek. Honako lan honeek saritu ditue:

- Ikasketa feministei edo genero-ikasketei buruzko tesirik onenaren Micaela Portilla Vitoria Saria: Marina Sagastizabal Emilio-Yus.

- Genero ikuspegia master amaierako lanetan txertatzeari emoten jakon Maria Goyri Saria:
Ane Miren Villagrán Arrastoa.

- Genero ikuspegia gradu amaierako lanetan txertatzeari emoten jakon Francisca de Aculodi Saria:

• Gizarte eta Lege Zientziak: Maialen Musatadi Salegui (euskeraz) + Iraide Álvarez Muguruza (gaztelania).

• Zientziak: ez da saririk emon.

• Arteak eta Giza Zientziak: Irati Fernández Arbelaitz (euskeraz) + Oier Quinconces Blas (gaztelania).

• Osasun Zientziak: Olatz Sarasola Ugalde (euskeraz) + Izarne Alday Munilla (gaztelaniaz).

• Injinerutzea eta Arkitekturea: ez da saririk emon.

• UPV/EHUren martiaren 8ko I. kartel instituzionalaren saria: Erika Barrenetxea Arriaga.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu