Emakumeen errealidadea ehun argazkitan
2019-03-07 08:09 KultureaMarta Pérez Elosuaren Ez gara berdinak erakusketea ipini dabe BilbaoArten.
Ia urtebeteko lanaren emoitzea ikusi ahal izango dau publikoak BilbaoArteren egoitzan, martiaren 7tik 15era. Ez gara berdinak izeneko erakusketan, Marta Pérez Elosua argazkilariak ehun emakumeren erretratuak batu ditu, euren errealidadeetara hurreratze poetiko eta intimoa egiteko asmoz.
Marta Pérez Elosua artisteak azaldu dauenez, erakusketakoak ez dira argazkiak huts-hutsean; Bilboko hainbat emakumeren istorioak dira, euren burrukea, oztopoak gainditzeko ahalegina eta ospakizunak. Argazki bakotxari testu labur bat idatzi deutso Pérez Elosuak, protagonistearen esperientziak kontetako. Batzuk tragikoak dira, berbarako ablazinoa jasan eban andra batena; beste batzuk alaiagoak, alabearen ezkontzea aitatzen dauena kasurako. Gizartean dagoan aniztasuna erakusten dabe argazkiek, bakotxaren errealidadea desbardina dalako.
Persona ezagun eta ezezagunen artean aukeratu ditu Pérez Elosuak protagonistak, batzuk ustekabean topau ditu eta beste batzuk nahita bilatu ditu. Hondo baltza eta argi-patroi berbera erabilita, emakume bakotxari emoten deutso protagonismo osoa argazkilariak, edadea, estatus soziala edo lanbidea alde batera itxita.
BilbaoArteko Kristalezko Patioan dago Ez gara berdinak erakusketea, eta argazkiak soinudun zortzi pantailatan ikusi leitekez. Martiaren 15era arte egongo da zabalik, arratsaldez, eta sartzea doban da. Marta Pérez Elosuak esan dauenez, erakusketea emakume guztiei eskaini deutse, historiak ezabatu eta orbandutakoei batez be.
2019/03/07 - 2019/03/15
Bilbon, BilbaoArte guneanErantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!