Euskerearen inguruko ikuskizuna dakar Loraldiak
2019-03-06 08:03 KultureaEuskaltzaindiaren eta Aukeran konpainiaren lankidetzatik sortu da Biz Hitza.
Martiaren 16an, Bilboko Arriaga Antzokian, Biz Hitza izeneko jantza-ikuskizuna estreinauko dau Aukeran konpainiak, Loraldiaren egitarauaren barruan. Edu Muruamendiarazek gidatutako taldeak Loraldian obra bat aurkezten dauen bigarren aldia izango da; Maurizia izan zan lehena, 2016an.
Euskaltzaindiaren mendeurrena da Biz Hitza-ren abiapuntua. Ehun urteak ospatzeko, euskereagaz lotutako ikuskizun bat bultzatu nahi izan dau Akademiak, eta Aukeran jantza taldeagaz alkarlanari ekin deutso. Xabi Payak idatzi dau gidoia, Aitor Etxebarriak musikea, eta Aukeranek egin dau koreografia. Zuzendari eszenikoa Ainhoa Aierbe da.
Zeregin nekeza izan da gidoia idaztea, Xabi Payak onartu dauenez. Izan be, hizkuntza baten berbak jantzearen bidez adierazotea ez da erraza. Euskerea mobimenduetara eroatea izan da erronkea. Payaren arabera, berben ordez, jantzariei emondako jarraibideak dira gidoiaren oinarria, eta gero bakotxari bere neurrira eroateko eskatu deutso, gidoia soinekoa balitz legez.
Hamar pieza edo zatiko ikuskizuna da Biz Hitza, ordubete ingurukoa. Aitor Etxebarriak zuzenean joko dau musikea. Berarentzat be erronka gatxa izan da ikuskizuneko musikea sortzea, doinu tradizionalak eta garaikideak buztartu behar izan ditualako.
Hizkuntza guztien historia unibersaletik hasita, euskera batuaren sorrerea eta bilakaerea azaltzen ditu Biz Hitza-k jantzearen bidez. Bederatzi jantzari agertuko dira oholtzan: Garazi Egiguren, Ander Errasti, Eneko Galdos, Ione Iriarte, Ekain Kazabon, Oier Laborde, Maier Muruamendiaraz, Uxue Urruzola eta Itziar Uzkudun.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!