Hemen da Getxoko Arte, Kultura eta Kongresuen Zentro barria
2019-03-05 13:15 KultureaMuxikebarri, tradizinoak izena ipini deutso modernidadeari.
Egunotan aurkeztu dabe Muxikebarri, Getxoko Arte, Kultura eta Kongresuen Zentro barria, udalerrian ikuskizun, arte eszenikoen obrak, zinema emonaldiak eta era askotako ospakizunak antolatzeko azpiegitura nagusia, Getxo Antzoki zaharra ordezkatzen dauena. Zentroak, Luis María Uriartek diseinautakoak, izen barria hartu dau, izan be, antzoki bat baino gehiago da: 12.000 m2-ko eremua da, arteen eta kulturearen zerbitzura dagoana, eta lehen mailako ekipamendua dauena era askotariko biltzarrak be hartzeko.
Hedabideentzat antolatutako bisita gidatuan, Imanol Landa alkateak adierazo dauenez, gustauko jakun ekipamendu hau bere distira osoz erakustea, baina Hauteskunde Orokorretarako deialdiak galarazo dau holan izatea, Hauteskunde Legeak galarazoten dauelako ezelako inaugurazinorik egitea. Beraz, oraindino azken akaberak egiten gagozala ikusiko dugu; halan da be, herritarrentzako bisita gidatuak be bertan behera itxi behar izan ditugunez, ondo iruditu jaku getxotarrei eta bizkaitarrei zentroa erakutsi eta eurekaz konpartidutea hedabideon bitartez.
Izen barriaren jatorria
Muxikebarri 100 urtez kultureari zuzendutako orube batean altzau da da. Zentroaren izenaren jatorria udalerriko tradizino toponimikoan oinarritzen da: Getxoko leku-izenak liburuak jakinarazoten dau hasiera batean, 1928an Algortako Gran Cinema, 1992an Getxo Antzokia bihurtu zana, kokatutako eremua Muxikelanda deitzen zala; Muxike (gerora Mugica) familiatik hartu eban izena, San Nikolas eleizea eta egungo liburutegia be kokatu ziran lurretan. Euskeraz, muxika berbeak melokotoi esan nahi dau. Euskaltzaindiaren arabera, Muxika da jatorrizko izena eta amaierako –e hori ahozko aldaera bat besterik ez da, inguruko Muxikeaurrekoa kalearen toponimoak itxitako zantzuan ikus daitekeenez. Koherentziagatik, Muxike formeari eustea erabagi da.
Beraz, alderdi horri jagokon toponimoa, ezelako duda barik, Muxike da, mousike berba grekoagaz bat datorrena, musikea euskeraz; bada, zorioneko kointzidentzia da udalerriko arte, kultura eta biltzar-zentro barriak Andrés Isasi Musika Eskolae hartzea bere barruan, holako Bizkaiko espazio bakarra bihurtuz. Aitatutako batzearen helburua da, oro har, sormen artistikoaren trebakuntzea eta erakustaldiaren eta musika munduaren artean dagoan aldea ezabatzea.
Muxike toponimoari -barri atzizkia gehitu jako, Getxon oso sustraituta dagoan ohiturea: eraikin zaharren gainean eregiten ziran etxe barriek atzizki hori hartzen eben, egindako barrikuntza arkitektonikoaren ikur legez (Askorrenabarri eta Maidaganbarri, besteak beste). Eta barria da udalerriko azpiegitura kultural nagusia, Getxo Antzoki zaharraren aukerak barriztau eta zabaltzen dituana, getxotarrei aukerea emonez makina bat kultur-jarduera barritan parte hartzeko eta horreez gozetakoo. Ondorioz, Getxoko Arte, Kultura eta Kongresu Zentro moderno eta barritzaile honen izena Muxikebarri da, bertoko tradizinoan oinarritutako neotoponimoa; eraikin barria da, ekipamendu aurreratuenak dituana Getxo Antzokiaren lekukoa hartzeko Getxoko eta inguruko kulturgintzearen erreferentziazko espazio legez, azpimarratu dau Landak.
Programazinoa
Zentro barriak pixkanaka zabalduko ditu ateak jentearentzat eta aurtengoa, 2019a, posizionamendurako urtea izango da. Hauteskunde Legeak Kultur Etxearen eta Musika Eskolearen ohiko programazinoko jarduerak baino ez dituanez baimentzen, zentro barriak martiaren 26an, zabalduko ditu ateak jentearentzat, Musika Eskolako ikasleen entzunaldi bat antolatuz, Areeta aretoan, biharamunean barriro eskainiko dana. Hortik aurrera eta urte amaierara arte, beste jarduera batzuk txertatzen joango dira, zer aldatu edo hobetu behar dan ikusteko, azpiegitura guztien funtzionamendu eta muntaia egokia bermatu arte.
Apirilean, Musika Eskolearen programazino barruko zenbait kontzertu egingo da; horreez gan, hilaren 6an, zapatuan, Paddam bikotearen Chanson Française kontzertua eta Aste Santuan, hilaren 10ean eta 11n, errezitaldiak izango dira. Apirilean hasi daitekez Cine Club eta Cinema Paradiso zikloen zinema emonaldiak be.
Maiatzean, zenbait kontzertu, ume-antzerkia eta musikoterapia saio bat antolatzea aurreikusita dago. Bagilean eta garagarrilean, Getxon tradizino handiko hainbat jarduera izango dira, besteak beste, Jazz eta Blues Jaialdiak, Getxoko Jantza eta Abesbatzen Egunak, Bertso Jaialdi Mundiala eta Gaurik laburrena Film laburren Jaialdia. Horreekaz batera, Emakumeak Musikan Jaialdia, Getxo Street Festival, eta Musika Eskolako bandearen eta Pirritx eta Porrotx pailazoen kontzertua be antolatuko dira.
Ekipamendua
Arte, Kultura eta Kongresuen Zentro barriak hiru entzunareto ditu, erabilera anitzeko hitzaldi-areto bat, atondoak –azoka, biltzar, erakusketak zein bestelakoak hartzeko–, jatetxe bat eta lau edaritegi. Horrezaz gan, artearen eta kulturgintzearen hainbat eremutako profesionalek goraipatua izan da bere ekipamendu eszenikoa: Danetara 1.300 besaulki izango ditu, aldi berean erabil daitekezanak.
Ereaga Aretoa (Auditorium nagusia). 782 besaulki ditu, neurri handiko eta ertaineko programazioa antolatu ahal izateko: antzerkia, musika klasikoa eta korala, zartzuela, opera, dantza eta abar. Gainera areto horrek baliabide aurreratuak edukiko ditu gaur egun Kultur Etxeak antolatzen dituen Folklore Jaialdia, Abesbatzen Astea, Kontzertu Klasikoak eta horrelako ekitaldiak baldintza eta aukera hobeetan egin ahal izateko. Udalerriko kultur elkarteen hainbat jarduera ere areto horretan ospatuko dira. Auditoriumak orkestra-pezoi altxagarria dauka, eszenaurrea eta besaulki-patioa zabaltzea ahalbidetzen duena, programatutako ekintzaren beharrizanen arabera. Agertoki guztia motorduna da eta neurrira egindako maskor akustikoa dauka.
Arrigunaga Aretoak 266 besaulki automatiko ditu eta 769 lagun zutunik hartzeko gaitasuna dau; horri esker biltzarrak eta abar antolatu ahal izango dira. Osorik zabaltzen danean, Barinatxe izena hartuko dau. Besaulkiak dituan aretoa danez, formatu txikiko programazinoa izango da bertan, gehien bat musikari lotutakoa. Gazteei zuzendutako ikuskizunak edo ez ohizko gune eszenikoa behar dabenak be izango dira, egungo jantza eta umeentzako programazinoagaz batera. Era berean areto hori ikerketarako eta hizkuntz eszeniko barrietarako gunea be izango da, baita berbaldi edo erakusketetarako aretoa be. Zinema programazino erregularra eskainiko dau, 4k erako zinema-proiektagailu eta Dolby Atmos soinu-inguratzailea ditualako, Bizkaian ezaugarri horreetako areto bakarra da.
Areeta Aretoa (Musika Eskola azpiko aretoa). 218 besaulkiduna, batez be Musika Eskoleak berak erabilteko izango da. Era berean, programazinoa zinema eskaintzeagaz bateratuko da; zinema jaialdi desberdinetan parte hartzeak dituen beharrizanak ere asetuko ditu gune honek.
Gorrondatxe Aretoa (erabilpen anitzeko aretoa). 60 lagunentzako lekua dauka eta, besteak beste, berbaldiak, mintegiak eta abar antolatzeko erabiliko da.
Azkenik, Imanol Landak azpimarratu dau: krisiak eta mueta desbardinetako oztopoek eragindako zailtasunez eta krisiaz bizi izandako hainbat urte itxaron behar izan dira, baina azkenean hemen dago Getxok behar dauen ekipamendu handia, aukeraz beterikoa, orain eta etorkizunerako, baita datozen belaunaldientzat be. Landak amaitzeko aitatu dau: bihotzez eskerrak emon azkenean proiektua errealidade bihurtzeko parte hartu dozuen guztiei. Proiektuagaz loturea izan daben udal teknikariei, proiektua sustatu daben udal gobernu eta taldeei, diseinau dauen arkitektoari eta beragaz batera bultzatu dabenei, proiektuan parte hartu eta lagundu daben kultura eta gizarte alkarteen sareari, eta proiektua aurrera eroateko konpromisoa hartu daben erakunde eta enpresei.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!