Literaturea eta beste arteak lotuko ditu Gutun Zuriak
2019-03-04 13:25 KultureaApirilaren 2tik 6ra egingo dabe literatura jaialdia Bilboko Azkuna Zentroan.
Literaturearen inguruan Bilbon antolatzen diran hitzorduen artean esanguratsuenetako bat da Gutun Zuria. Aurtengo edizinoa, 12.a, orain arte baino goizago dator, apirilaren lehenengo egunetara aurreratu dabe eta. Gaur gauean suak nire liburutegia erreko balu. Arteak kontatzeko artea izango da leloa, Aldous Huxley eta José Lezama Limaren esaldi banari erreferentzia eginaz. Literaturea liburuetako orrietatik atera, eta beste adierazpide artistikoakaz nahastauko dabe, musikeagaz, bertsolaritzeagaz eta abar.
Berbea ardatz izango da XII. Gutun Zurian, Azkuna Zentroko zuzendari Fernando Pérezek azpimarratu dauenez, baina berbea beste arte batzuetara eroango dabe. Horretarako, idazleak ez eze, beste disziplina batzuetako sortzaileak eroango ditue mahai-inguru, berbaldi, tailer eta abarretara. Maialen Lujanbio bertsolari txapelduna izango da horreetako bat. Zubiak eregi ditu bertsoaren eta beste arte batzuen artean, azaldu dau Alasne Martin programatzaileak.
Apirilaren 2an izango da Lujanbioren txandea, publikoagaz batera egingo dauen topaketa baten. Rafael Lechowskik, ostera, rapa eta literaturea jorratuko ditu hilaren 6an. Christina Rosenvinge musikariak literaturearen eta beste arteen arteko loturea aztertuko dau, kasu horretan hilaren 5ean. Rosenvinge musikari ezaguna da, baina liburuak be idatzi izan ditu.
Ohiko moduan, beste kultura batzuetako literaturearen barri emongo dabe gonbidatuek. Joan Fontcuberta, Cristina Middel, Alicia Kopf, Valérie Mréjen eta abar egongo dira Gutun Zurian. Euskal autoreen kasuan, hiru hitzordu nabarmendu leitekez: Apirilaren 4an, Harkaitz Cano eta Xabier Gantzarainen barriketaldia; 5ean, Eric Dicharry, Beatriz Chivite eta Danele Sarriugarteren arteko mahai ingurua; eta egun berean, Bernardo Atxaga idazlearen eta Oskar Alegria kazetariaren arteko alkarrizketea.
Bestelako jardueren artean, Euskal Idazleen Alkarteak antolatutako topaketea, Consonni taldekoen irratsaioak eta FormArte tailerra aitatu leitekez. Ganera, bisita gidatuak, dokumentazino gunea eta idazleen sinadurak batzeko tarteak egongo dira egunero.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!